euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jauzi Eguna antolatu du lehen aldikoz Buenos Airesen hiriburu argentinarreko Eusko Kultur Etxeak

2009/08/12

Partaidetza eragiten duten dantzak, Mexiko 1880ko euskal egoitzan bertan, artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)
Partaidetza eragiten duten dantzak, Mexiko 1880ko euskal egoitzan bertan, artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Deialdi berezia egin dute Buenos Airesen datorren abuztuaren 22rako, larunbata, hiriburu argentinarreko Eusko Kultur Etxekoek, Jauzi Eguna izenpean. Izenburuak adierazten duenez, Ipar Euskal Herriko manerako deialdia izango da, jauziak ikasi nahi edota praktikatu nahi dituztenek parada egokia izan dezaten, beti ere jai giroan eta Euskal Herriko Aitor Alava dantzaria zuzendari duen Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldeak antolaturik. Ekitaldia iluntzeko zortzi t'erdietan hasiko da hainbat azalpen teorikorekin eta afari herrikoia ere baitaratuko du, erromeria batekin bukatzeko. Jauziak ikasi nahi dituztenei dokumentazioa eta musika ere ipiniko zaie eskuragarri. Eusketxek oroitarazten du, bestalde, segitzen dutela bere egoitzan alboka eskolak, Mauro Telletxea musikari euskal amerikarrak emanik.

Buenos Aires, Argentina. Hiriburu argentinarreko Jauzi Eguna agorrilaren 22an izango da, iluntzeko zortzi t'erdietatik aurrera, Buenos Airesko Mexiko kaleko euskal egoitzan (Mexiko 1880). Ekitaldia azalpen teorikoak emanez hasiko da, bederatzietan. Hala nahi dutenei material bibliografikoa, dokumentazioa eta musika ipiniko zaie eskuragarri.

Gaueko hamarretan afaria zerbitzatuko da, [locro-a (artoa, kalabaza eta babarrun/ilar/indabak dituen janari andinoa), arrozesnea eta bi edari] eta ondoren erromeria edo dantzaldi herrikoiaren txanda heldu da. Txartelak, guztia barne, 25 pesotan saltzen dira. Otoi eskatzen da aldez aurretik erreserba egitea e-maila bidaliz eusketxe@ciudad.com.ar helbidera edo, telefonoz, 4381-4611 zenbakira. Zozketak ere izango dira.

Mexiko 1880eko jauziak, alboka eta dantza tailerra

Jauziak euskal dantzak dira, biribilean dantzatzekoak. Bereziki Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian dantzatzen dira. Festa hasieran pausorik errazenak irakatsiko dira eta dantzaldian zehar ere laguntza eskainiko da, inor parte hartu gabe gera ez dadin.

Eusketxetik oroitarazten dute, bestalde, aurrera segitzen duela helbide berean (Mexiko 1880) astero astero Alboka Tailerrak, Mauro Telletxea musikari euskal argentinarrak emanik; baita helduentzako dantza tailerrak ere, Aitor Alava zuzendari. Izena emateko edo xehetasunik eskuratzeko, jo Eusketxeren aipatu telefono, helbide eta e-mailera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia