euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritzaren ordezkaritza bat, Erkoreka eleduna buru, partaide Macachingo Euskal Argentinar Aste Nazionalean

2015/10/27

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramalea izango da Argentinako Euskal Astean parte hartuko duen ordezkaritzako buru
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramalea izango da Argentinako Euskal Astean parte hartuko duen ordezkaritzako buru

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzak astearte honetako Gobernu Kontseiluak, Jaurlaritzako ordezkaritza batek Argentinara aste honetan egingo duen bidaia hartu du hizpide. Josu Erkoreka Justizia sailburua eta Gobernuko eleduna buru, ordezkaritzak 2015eko Euskal Argentinar Aste Nazionalean hartuko du parte La Pampako Macachin herrian, FEVA Euskal Argentinar Erakundeen Federazioak eginiko gonbite bati erantzunez. 

Vitoria-Gasteiz. Gobernu Kontseiluaren ondotik plazaratu duen ohar batean azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkoreka, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Maria Ángeles Elorza, Kanpoan den Euskal Komunitatearen zuzendari Asier Vallejo eta Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkari Sara Pagola Argentinako euskal etxeetako milaka lagun biltzen dituen urteroko hitzordu horretara joango dira. 

Ordezkaritzak Euskadiren Argentina eta Mercosurrerako Bulegoa bisitatuko du lehenik; baita ere munduan zabalik den euskal etxe zaharrena, Buenos Airesko Laurak Bat; eta Euskaditik kanpo curriculumean euskara eta euskal kultura barne hartzen duen ikastetxe bakarra, Llavallolgo Euskal Echea ikastetxea. Gaur egun, Argentinan 84 euskal etxe dauzka erregistratuta Eusko Jaurlaritzak: horrek kanpoan den euskal gizataldearen erreferente nagusi bihurtzen du herrialdea.

Euskaditik abiatuko den ordezkaritza, Herri Administrazio eta Justiziako sailburu eta eledun Josu Erkoreka buru dela, Argentinako Macachín herrian datorren igandera arte, egingo den Euskal Aste Nazionaleko ospakizun-ekitaldietara joango da. Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi María Ángeles Elorza eta Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendari Asier Vallejo ere partaide izango dira, eta Euskadiren Argentinako (Mercosur) ordezkari Sara Pagola bertan batuko da eurekin.

Euskal Aste Nazionala atzo, astelehena, hilak 26, hasi zen ofizialki, Macachin herrian, Pampa probintzian. Argentinako euskal gizataldea osatzen duten pertsonen urteroko topaketa handia da Euskal Astea. Hitzordu hori antolatzearen ardura txandaka hartzen dute herrialdeko euskal etxeen artean. Oraingoan, Macachíngo Union Baska - Euzko Alkartasunaren txanda da eta Eusko Jaurlaritza, Diasporaren topaketa garrantzitsu honetan parte hartzera gonbidatu du.

Euskal Aste Nazionalean antolatzen diren kultur ekitaldi ugarien artean, Argentina osoko euskal etxeetako ehunka gazte dantzariren topaketa nabarmentzen da, maila artistiko handiko erakustaldiak eginez, bereziki larunbat gauez izango den ikuskizunean eta igande goizeko dantzarien alarde-erakustaldian, herriko kaleetan.

Bidaia ofizialean, Josu Erkorekak, Marian Elorzak, Asier Vallejok eta Sara Pagolak, halaber, Pampako gobernadore Oscar Jorgerekin, Macachingo intendente (alkate) Jorge Cabakekin eta Hugo Andiazabal Euzko Argentinar Bazkun Alkartasuna (FEVA) elkarteko buru, euskal etxe eta euskal gizataldeetako ordezkari eta kideekin bilduko dira.

Buenos Airesko agenda

Euskal ordezkaritzak Buenos Airesera ailegatuko denean, lehenik eta behin, Euskadiren Argentina eta Mercosurrerako Ordezkaritza bisitatuko du, Sara Pagola ordezkariaren ardurapekoa. Hiriburuko Laurak Bat euskal etxeko lehendakari Arantxa Anitua eta elkartea osatzen duten pertsonekin bilduko da. 1877an sortua, Laurak Bat lanean segitzen duen munduko euskal etxerik zaharrena da.

Euskal ordezkaritzak Llavallol herrira ere joango da eta han Euskal Echea bisitatuko du, euskaldunek 1904an sortutako erakundea. Joan den mendeko 50eko hamarkadara arte, euskal gizataldearen ikastetxea izan zen. Gaur egun, bere funtsari eusten dio: euskal kultura bere hezkuntzaren zehar-lerroa da eta euskal kultura eta euskara curriculumaren barruan dauzka, Euskaditik kanpo euskara curriculumeko ikasgai gisa duen ikastetxe bakarra izanik.

Argentinako euskal diaspora

19. mendeko bigarren erdian eta 20. mendeko lehen laurdenean iritsi zen Argentinara euskal herritarren uholde handia Argentinako Errepublikak garai hartan ezarritako immigrazioa sustatzeko politiken laguntzaz. Emigrazio hura, nagusiki, behar ekonomikoek bultzatua izan zen. Geroago, Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoko lehenengo urteen testuinguruan gertatu zen azken uholde handia. Azken belaunaldi hau ez zen aurrekoak bezain ugaria izan, baina kutsu politiko nabarmena zuen eta kultur arloan oso aktiboa izan zen.

Emigrazio handi hoien eraginez, gaur egun euskal jatorrikoen ondorengo asko daude herrialdean. Ezinezkoa da zorrotz kuantifikatzea, baina zenbait kalkuluren arabera, Argentinan bizi diren pertsonen %10ek euskal abizenen bat daukate. Eusko-argentinarrak komunitate oso antolatua dira: Eusko Jaurlaritzak Argentinan 84 euskal etxe aintzatetsi ditu eta horrek kanpoan bizi diren euskal gizataldeen baitan erreferente nagusi bilakatzen du herrialde hau, bukatzen du oharrak. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia