Bilbo, Bizkaia. Diasporako euskaldunek euren euskaltasunari eusteko garrantzitsuentzat jotzen dituzten modu nagusiak, harreman pertsonalak (bi bide nagusien artean aipatu dute %54k), Euskal Etxeetako ekintzetan parte hartzea (%44) eta albisteak (%34) lirateke, Eusko Jaurlaritzak egunotan Bilbon egiten ari den Euskal Gizataldeen VII. Mundu-Batzarraren baitan zabaldu dituen inkesta baten datuen arabera.
Aipatu inkesta honen helburua euskal lurraldetik kanpo bizi diren euskal herritarren jarrera eta iritziak ezagutzea izan da, beti ere beren nortasunari, euskal kulturarekin duten loturari, Euskal Etxeekiko harremanari eta kanpoan den euskal komunitaterako Eusko Jaurlaritzaren programen ezagutza eta balorazioaren inguruan. Landa-lana 2019ko ekainaren 7a eta abuztuaren 30a bitartean egin zen, galdetegi bat helaraziz Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako idazkaritzarekin lotura duten pertsonei eta kanpoko euskal herritarrek gehien erabiltzen dituzten informazio atari eta sare sozialetan galdetegia zabalduz.
Inkestari erantzun dioten kanpoko euskal herritarren gehiengoa Argentinan bizi da (%54), %20 Latinoamerikako beste herrialde batzuetan, %10 Europako herrialde desberdinetan, %9 Estatu Batuetan eta Kanadan, %5 Espainian eta %1 Euskal Herrian.