euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritzaren Euskal Etxeentzako 2023ko Deialdi Nagusia: gogoratu eskabideak aurkezteko azken epea irailaren 1a dela

2023/08/15

Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza Gasteizen. Bere baitan dago Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza
Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza Gasteizen. Bere baitan dago Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Abuztu erdian gaude, ipar hemisferioan uda bete-betea da, eta Donostian —Euskal Herrian EuskalKulturaren erredakzioa dagoen hirian— bor-bor ari dira bertako Udako Jaiak, Aste Nagusia. Izan ere gaur, abuztuaren 15a, festek egun nagusia dute, Ama Birjinaren Eguna, jai-eguna hemen eta Euskal Herriko beste hainbat herritan ere [bat aipatzearren, Donibane Garazin]. Baina Euskal Herriko ohiturak bertaratuz, Diasporako leku batzuetan ere tradizionalki ospatu izan den eguna da hau. Gogora datozkigu, esaterako, AEBko Buffalo, Wyoming-en, eta bertako Big Horn Euskal Etxea. Gure agendak ongi biltzen duenez, datorren larunbatean ospatuko dute Andre Dena Maria iturburu duen euren urteroko Euskal Besta. Aipatuko dugu berriro ere beste momenturen batean, Diasporari lotua, Donostiako Aste Nagusia, artikulu honen helburua, egiazki, eta bihurgune askorekin bada ere, oroitarazpen bat egitea baita, hala behar dutenek gogoan atxik dezaten, irailaren 1ean, bi aste pasexe barru, dela Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeentzako 2023ko deialdi nagusirako eskabideak aurkezteko azken eguna.

Gogorarazi besterik ez dizugu egin nahi zure Euskal Etxe edo federazioan deialdi honetara aurkeztea erabaki baduzue, komeni dela gauzak ez geroratzea. Aurten gauzak xinpletuko ditu seguruenik nahitaez erabili behar den BAK ziurtagiri digitalak, baina edozein gorabeheraren aurrean komeni da, esan bezala, gauzak garaiz egitea. Bestalde, gogoratu baita ere egun gutxi barru argitaratuko duela EHAA buletin ofizialak Gaztemunduren 2023ko deialdia. Prebisioak dira ekimena abenduaren 10etik 22ra bitartean garatzea, data hauen barne daudela Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VII. Batzarraren saioak, Donostian abenduaren 18tik 21era. Baina eguneratzen joango gara informazioa.

- Ikus hemen argibide guztiak eskabidea aurkezteko Euskal Etxeentzako 2023ko deialdi nagusian



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia