Jaurlaritzako Josu Erkoreka bozeramaleak aurreskua dantzatu zion euskal etxeko buru Iñaki Unamunori (bideoa)
2015/11/04
Jaurlaritzako sailburu eta bozeramale Josu Erkoreka besarkada emanez Iñaki Unamuno Macachingo Euzko Alkartasuna euskal etxeko lehendakariari, honen ohorezko aurresku bat dantzatu ondoren 2015eko Euskal Argentinar Aste Nazionalean Macachinen
PUBLIZITATEA
Bururatu berria den 2015eko Macachingo Euskal Aste Nazionalak utzi duen --gaurko beste artikulu batean eta bihar argitaratuko dugun bere segidan aipagai hartzen den larunbat gaueko ikuskizun artistikoaren baitan gertatua-- ekintza sinboliko ederra izan da Lehendakariaren ordezkari etorritako Josu Erkoreka Jaurlaritzako sailburu eta bozeramaleak Iñaki Unamuno Macachingo Euskal Etxeko lehendakariari dantzatutako ohorezko aurreskua.
J.E./Macachin, Argentina. Bereziki ederra izan bada 2015eko Argentinako Euskal Aste Nazionala, sortu eta lortu duen giroagatik izan da. Amaitu berria den elkarretaratze honen ezaugarri izan dira senidetasuna, abegikortasuna, eskuzabaltasuna, partaidetza, talde-lanean bat egitea eta euskaldunak, baina euskaldunekin batera bat egin eta uztartuta, Macachingo herri osoa anfitrioi izatea.
Macachindarrek, zeukaten onena eskaini digute, euren jarrera eta irribarerrik onenarekin, Euskal Astea benetan gogoangarri eta hunkigarria bilakatu arte. Joan den astean hori guztia --kasu honetan Argentinaren baina oro har Diasporaren jarrera eskuzabal eta emankor hori-- Iñaki Unamuno, Macachingo Euzko Alkartasuna euskal etxearen lehendakariaren baitan pertsonaliza eta laburbil zitekeen.
Horregatik, keinu polita izan zen, adierazgarria eta keinua ezezik jarrera edukidun eta hau ere eskuzabal eta koherentea bada, Josu Erkoreka Urkullu Lehendakariak bertara bidalitako ordezkariak dantzatu zuen ohorezko aurreskua, Iñaki Unamunori aurrez aurre eta begietara begiratuz, errespetuz, esker onez eta zintzo eskainia.
Diasporak behar ditu aurreskuak, merezi ditu, Macachinen Euskal Astearen barruan, eta urtean zehar; Macachinen hain naturala eta egiazkoa izan den irribarre, dedikazio eta lan horren parekoak. Macachinekoa, ia mugarik gabeko eskuzabaltasuna izan da, euren izenari ohore eginez ez baitute Euzko Alkartasunakoek lehenetsi Euskal Herritik eta Argentinako gainerako euskal etxeetatik etorritakoekin dirua egitea --egin zezaketen--, bertaratutakoak, gonbidatu gisa tratatzea baizik, gogoan atxikita "Etxe honetan dagoena bere etxean dago" edo "Gure etxea zure etxea da" dioten euskal esaera zaharrak, Diasporak bere egin eta aspaldidanik eskuzabal aplikatu dituenak.
Euskal Herrian diaspora eder baten oinordeko gara, hor daukagu, gurea da eta gu ere eurenak gara. Euskaldun guztioi dagokigun lana da geurea dugun sare hori ongi ezagutu eta errespetu eta lankidetzatik finkatzen laguntzea; mundu aldakor honetan eguneratzen, garatzen eta gerorik onena bilatzen laguntzea, guztion onuragarri izango baita. Macachinen agerian utzitako jarrera berarekin instituzioetatik behar diren giza baliabideak dedikatuz Diasporari; eta bestela ere ahalik eta ahaleginik sendoena eginez Diaspora eta euskal instituzioak bidelagun eta lankide fin ibil daitezen,
Bide batez, Macachinen mahaigaineratu zen Nafarroako Gobernua ez ote den hasiko kontutan hartzen Argentinan, eta mundu osoan, dauzkan herritar eta ondorengoak euskal etxeetan bazkide. Agian datorren urteko Euskal Astean, Necochean, azaroaren 7tik 13ra, gobernu nafarreko ordezkaririk izango da.