euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko bi ordezkaritza paralelo bilduko dira uztailean Boiseko Jaialdin

2010/06/03

Patxi Lopez lehendakaria eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu nagusia (argazkia Rafa Gutierrez-El Correo)
Patxi Lopez lehendakaria eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu nagusia (argazkia Rafa Gutierrez-El Correo)

PUBLIZITATEA

Bi euskal ordezkaritza paralelo, Eusko Jaurlaritzarena bata, Lopez lehendakaria eta Blanca Urgell Kultura sailburua buru, eta Bizkaiko Foru Aldundiarena bestea, Jose Luis Bilbao diputatu nagusia eta Josune Ariztondo Kultura diputatua buru, batuko dira uda honetan Idahoko Boisen, Estatu Batuetan, hiriburu horretan Jaialdi izeneko euskal festa erraldoia --munduan Euskal Herritik kanpo egiten den handiena-- ospatuko den egunetan, uztaileko hondarreko astean. Zenbait iturriren arabera, lehia eta pultso modura uler daiteke bi ordezkaritzen presentzia leku eta egun beretsuetan Boisen. Orain artean beti jeltzaleen esku egon den euskal ordezkaritza ez omen du soilik Patxi Lopezen gobernuaren eskuetan utzi nahi izan EAJ-PNVk aurtengo Jaialdin. Gaiak prentsarainoko jauzia egin du Bilboko Correo egunkariak gaurkoan argitara eman duen artikulu bat medio.

Bilbo, Bizkaia. Aipatu egunkari bilbotarraren artikuluak azpimarratzen du Lopez lehendakariak aurretik Ardanza eta Ibarretxek egindakoari eutsi diola Jaialdiko bere presentzia iragarriz, eta hilabeteak direla bidaia hori iragarri eta Jaurlaritzako eta Jaialdiko ekipoak lantzen eta zehazten ari direla. Ez da ahaztu behar Jaialdi dela munduan, Euskal Herritik kanpo, jenderik gehien erakartzen duen euskal festa, bost urtean behin, zero eta bostean amaitzen diren urteetan beti Estatu Batuetako Idaho estatuko Boise hiriburuan antolatzen dena, bertako euskal erkidegoa eta autoritateak lankide.

Artikuluak dioenez, lehendakariaren bidaia urtarriletik aipatzen ari den bitartean, Jose Luis Bilbao eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaritzarena ez da oraindik ofizialki ezagutarazi, baina foru erakundeak joan den arteartean Pete Cenarrusa Idahoko estatu-idazkari ohiari eman zion 'Bizkaiko Kuttuna' titulua eskuz-esku ematea izango luke helburu, 93 urte dituen Cenarrusaren adin altuak Euskadira bidaiatzea galeraziko bailioke. Cenarrusak abertzale eta euskaltzaletzat definitu izan du bere burua, eta dagoeneko Sabino Arana Fundazioaren saria eskuratua du, besteak beste bera medio bitan onartu baitute ofizialki Idahoko ganbarek Euskadiren eta euskaldunek euren buruari buruz erabakitzeko eskubidearen aldeko agiriak, azkenekoa egun Boiseko Dave Bieter alkate euskaldunarekin batera bultzatua.

Bi ordezkaritzak ekitaldi paraleloak antolatuko omen dituzte, izaera desberdinekoak baina leku eta ordu ez beretan baina bai beretsuetan, oraindik ere egitarauetako batzuk erabat itxi gabe badaude ere. Correok dioenez, Lopez lehendakariaren ekipoak ezinbestekoa jotzen zuen lehendakaria Boiseko ekitaldian present egotea euskaldunen ordezkari instituzional gisa agertu eta bere irudia sendotzeko. Jose Luis Bilbao Boisen egoteak, berriz, euskal elkarretaratze horretatik kanpo ez gelditzea eta sozialistek euskal presentzia ez monopolizatzea ekarriko luke, Lopezi oposizioa eginez. Artikuluak ez du baztertzen ekitaldiotara buruzagi jeltzale gehiago hurreratzea ere.

-Artikulua, jatorrizko gaztelaniaz, Correoren webgunean, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia