Vitoria-Gasteiz. Datorren abenduan egingo da Gipuzkoan 'Euskal Gizataldeen VIII. Mundu Batzarra'. Azkar aldatzen joan den eta ari den mundu honetan, euskal etxeena, eta kanpoan bizi diren euskaldunena eta euskal komunitateena, ez da salbuespen. Egoera berrien aurrean, moldatu eta birkokatu beharra dago, erantzunik onena ematen segitzeko. Aldaketa horiek gogoetagai eta ardatz harturik, Mundu Batzarrak 'Eraldaroa' izango du goiburua, 'eraldatu' eta 'aroa' hitz eta kontzeptuen uztarketa, bizi garen mundu aldakor honetan euskaldunok eta zehatzago munduko euskaldunok topatu beharreko leku propioa hizpide, Euskal Herriaren eta euskal erakunde publikoen arteko harremanetan aro berri baten hastapen gisa.
"Azken hiru hamarkadetan aldaketa handiak izan ditugu", adierazi du Jaurlaritzan 'Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako' zuzendaria den Gorka Alvarez Aranburuk Batzarrari buruz. "Globalizazioak eta digitalizazioak, migrazio-fenomenoarekin eta mugikortasunarekin batera, eta gai horiek gure egungo bizitza markatzen ari dira. Gure diasporarekin lan giteko jarraipide berriak ezarri behar ditugu, giza kapitalari, kapital politikoari, ekonomikoari, sozialari eta kulturalari begira, eta disporek mundu berri baten bilakaeran duten potentzialitate ikaragarriari begira".
Gorka Alvarez Aranburu 'Eraldaroa' goiburu izango duen VIII. Mundu Batzarraz
"Errealitatea hori izanik, kanpoan diren euskaldunekiko harremanetan sakontzen jarraitzeko tresnez hornitu beharrean gaude, izan antolatutako erakundeetako kide, izan Euskadin jaio eta, aldi baterako nahiz behin betiko, kanpoan bizi direnak". "Gai horiexek landuko ditugu, funtsean, Euskal Gizataldeen 8. Batzarrean", "atzerriko euskal komunitateetako kide guztiei laguntza eskatzen dizuegu: ideia jasa bat, Batzarraren fomatua eta edukiak zehazteko. Parte-hartzean oinarritutako Batzarra izan dadin nahi dugu, eta orainaldirako eta etorkizunerako funtsezkoak izango diren kontzeptu eta ekarpenak lantzea espero dugu, betiere iragana ahaztu gabe".
Ekarpen eta proposamen eske
Parte hartzea, ideiak, arrengurak eta oro har ekarpenak galdegiten ditu Gorka Alvarezek Eusko Jaurlaritzaren izenean, Mundu Batzarra antolatzeko. Halakorik baduzu, bidali mesedez euskaletxeak@euskadi.eus helbidearen bidez, ahal dela martxoa bukatu aurretik. "Guztion artean Batzar handia osatuko dugu", bukatzen du Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak munduko euskal etxeei eta euskal etxeen federazioei bidali dien gutuna.