Vitoria-Gasteiz. Bi urteko hutsunearen ondotik, Eusko Jaurlaritzak pandemia hasi osteko lehenengo Gaztemundu antolatuko du aurten, abenduaren 4tik 20ra. Halaxe onartu du gaur goizean Jaurlaritzak Gobernu-Kontseiluaren asteroko bileran. Edizioaren xedea, euskal diasporako gazte parte hartzaileei egungo Euskadiren ikuspegi bat eskaintzea izango da, bere bilakaera historikoarekin eta tradizio kulturalarekin lotuta, leku esanguratsuetan bisitak eta prestakuntza-jarduerak eginez, Jaurlaritzatik adierazi dutenez.
Munduko Euskal Etxeetako 18 eta 35 urte arteko gazteek har dezakete parte Gaztemundun. Horretarako bete behar diren baldintzak eta aurkeztu behar den eskabidearen xehetasunak datozen egunetan argitaratuko ditu EHAA-BOPV buletin ofizialak. Erne egon behar beraz, hortik aurrera hilabeteko epea zabalduko baita eskabideak euskaletxeak@euskadi.eus helbidearen bidez aurkezteko.