euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritzak galdera jaurti du 'Euskal Diasporaren Eguna'ri buruz: noiz egingo zenuke eta zergatik; bota zeure ideiak

2017/12/05

"Diasporizatu" izan zen azkeneko Mundu-Batzarraren leloa, eta horixe litzateke 'Diasporaren Eguna'ren helburua ere
"Diasporizatu" izan zen azkeneko Mundu-Batzarraren leloa, eta horixe litzateke 'Diasporaren Eguna'ren helburua ere

PUBLIZITATEA

Hainbatetan eta hainbat urtez Mundu Kongresuetan eta euskal etxeen arteko bileretan aipatutako gaia, badirudi mugitzen hasia dela. Izan ere kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk galdera bat plazaratu du, euren iritzi idatzia eskatuz euskal etxeei. euskal komunitateetako kideei eta gai honi buruz proposamen arrazoitua egin nahi duten guztiei. Lehenengo pauso hau beraz, datari dagokio. Proposamenik baduzu, orain duzu aukera. Abenduaren 31era arte zabalik da epea.

Vitoria-Gasteiz. "Euskal Diasporaren Eguna" antolatu eta ospatzea, Euskal Herriko biztanle eta lagunei zuzendutako zerbait bezala planteatu izan da sarritan: Euskal Herrian bizi diren herritar arruntei munduan zehar barreiatzen den Euskal Herriaren luzapen honetaz gertuko berri emateko aukera gisa; "hangoa" "hemen" erakusteko, Diasporaz atentzioa deitzeko eta Diasporari buruzko ezagutza sustatzeko proposamen gisa. Honelakoak izan ohi dira, honi eta eta beste hari eskainitako "egunak", "Aberri Eguna", "Emakumearen Eguna", "Langileen Eguna"... Baina horietan bezala, Diasporaren Egunak badu baita ere beste zentzu bat, aldarrikapenarena: Diasporaren Eguna, Diasporak berak bere burua, bere egitate eta izate bera ospatzeko aukera gisa, bat eginez ospakizun horretan Euskal Herriko biztanleekin. Elkarren osagarri diren bi planteamentu.

"Diasporan Eguna" antolatu eta ospatzea, aspaldidaniko eskakizuna izan da munduko euskal etxe eta komunitateen artean.

Izan ere, eskakizun horri eutsiz gogoeta aldi bat hasi du eta proposamenak eskatzen hasi da Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza. Lehenengo pausoa jendeari iritzia eskatzea izatea erabaki du, proposamenak galdeginez datari buruz, erantzunak arrazoituz.

Proposamenak honako helbide elektronikora bidali behar dira: euskaletxeak@euskadi.eus, abenduaren 31a (gauerdian) baino lehen.

Iradokizun guztiak jaso eta aztertu ondoren, proposamen formal bat egingo da, "Euskal Diasporaren Eguna"rentzat urteko egun jakin bat izendatzeko.

Proposamenik baduzu, ez atzendu eta idatzi, zeure iritzia emanez eta arrazoituz zergatik antolatuko zenukeen egun horretan. Animatu.



Komentarioak

  • Abuztuaren 12a

    Proposamena: Iparragirre, Gernikako Arbolaren egilea jaio zen eguna (1820ko abuztuaren 12an jaio zen). Iparragirre ohoratuz (bere jaiotzaren bigarren mendeurrena berehala izango da eta ospakizun bereziak antolatzeko aukera ematen du). Nor Iparragirre baino egokiago Euskal Diasporaren ordezkari izateko?

    Imanol Lizeaga (Donostia), 2017/12/27 03:53

  • Diasporaren Eguna

    EH Bilduk pasa den ostiralean, hilak 1, erroldatu zuen Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamen bat Jaurlaritzari eskatzeko Euskararen Eguna, abenduak 3, Euskal Diasporaren Egun gisa ere izendatu dezala.
    Bitxia eta adierazgarria da ikustea nola Jaurlaritzak ez duen inolako urratsik eman norabide horretan EH Bilduk proposamen bat aurkeztu arte.
    Hona hemen gure proposamena, hitzez hitz:

    Lehen Euskararen Eguna 1949ko abenduaren 3an ospatu zen Paris, Montevideo, New York eta Buenos Airesek etxeetan, erbestean zegoen Eusko Ikaskuntzak bultzatuta. Harrez geroztik, Diasporak beti ospatu izan du euskararen eguna. 1995ean, Euskaltzaindiaren ekimenez, Euskararen Nazioarteko Eguna izendatu zen. Euskarak bizirik irauten badu, euskal kultura galdu izan ez bada, diasporaren lan handiari esker izan da. EH Bilduk uste du diasporak euskal erakundeen aitortza merezi duela.
    Hori dela eta, ondorengo legez besteko proposamena aurkezten dugu:

    Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio has ditzala tramiteak abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna izateaz gain, Euskal Diasporaren Eguna ere izateko.

    EH Bildu (Gasteiz), 2017/12/18 11:54

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia