euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritzak Euskadiko Ordezkari berriak izendatu ditu AEBetan, Ander Caballero, eta Txilen, Rafael Kutz

2013/03/12

Ander Caballero eta Rafael Kutz (argazkiak eitb.com, ek.com)
Ander Caballero eta Rafael Kutz (argazkiak eitb.com, ek.com)

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak bi izendapen berri onartu ditu gaur goizean Kanpo Harremanetarako arloan, hain zuzen ere Ander Caballero Barturen izendatu du Estatu Batuak, Kanada eta Mexikoko Ordezkaritzako buru, eta Rafael Kutz Garaizabal, Txile eta Peruko Ordezkaritzako. Aurretik, otsailaren 26an, Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Ordezkari izendatu zuen Sara Pagola.

Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzako astearteroko Gobernu Kontseiluak bi izendapen berri ekarri ditu gaur goizean Kanpo Harremanetarako arloari dagokionez: Estatu Batuak, Kanada eta Mexikoko Euskadiren Ordezkari berria, Ander Caballero Barturen izango da; eta Txile eta Peruko Ordezkaria, berriz, Rafael Kutz Garaizabal, azken hau aurretik ere antzeko lanetan ibilia Ameriketan, Ibarretxeren Jaurlaritzan Kolonbia, Venezuela eta Ertamerikako Ordezkari izan baitzen Lopezen gobernua etorritakoan dimititu zuen arte.

Bi izendapen hauekin, eta otsailaren 26an Sara Pagola Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Euskadiren Ordezkari izendatuta, Ameriketako ordezkaritza garrantzitsuenak bete ditu Urkulluren gobernuak, orain soilik Kolonbia, Venezuela eta Ertamerikarako Ordezkaritzako titularra geratzen zaiola, Ameriketako euskal ordezkaritzei dagokienez bederen.

Aipatutako legazio horietaz gain, beste bi dauzka zabalik Jaurlaritzak, biak Europan, Bruselan eta Madrilen hain zuzen. Aurretik Ordezkaritza maila zeukan Mexikokoa, Estatu Batu eta Kanadakorakoarekin bildu zuen Lopezen gobernuak,buegoa mantenduz hiriburu mexikarrean baina New Yorkekoaren menpeko bihurtuz, paperean behintzat, gero ez baitzuen Ipar Ameriketarako Ordezkari kargua agintealdi osoan bete.



Komentarioak

  • Ongi etorri!

    Ongi etorri ordezkari berriei, Estatu Batuetakoari bereziki, bazen garaia! Nola geldituko dira orain Bostongo euskara klaseak? My best wishes!

    Joxe, 2013/03/12 15:49

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia