euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritzak eta Paraguaiko gobernuak hitzarmena sinatuko dute euskara eta guarania lankide izateko

2015/11/24

Patxi Baztarrika (lehena eskuinetik) eta Sara Pagola (bigarrena ezkerretik) Paraguaiko Hizkuntzen Politikarako (Paraguài Ñe’ẽnguéra Sãmbyhyha) idazkari anderearekin eta bertako gobernuko beste kide batekin atzo Asuncionen
Patxi Baztarrika (lehena eskuinetik) eta Sara Pagola (bigarrena ezkerretik) Paraguaiko Hizkuntzen Politikarako (Paraguài Ñe’ẽnguéra Sãmbyhyha) idazkari anderearekin eta bertako gobernuko beste kide batekin atzo Asuncionen

PUBLIZITATEA

Euskara eta guarani hizkuntza lankide arituko dira Eusko Jaurlaritzak, batetik, eta Paraguaiko Gobernuko Hizkuntzen Politikarako Idazkaritzak, bestetik, gaur Asuncionen sinatuko duten akordioa medio. Patxi Baztarrika jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea Asuncionen da karia horretara eta bere kargukide paraguaitarrarekin gauzatuko du. Hego Ameriketan egiten ari den bidaian Baztarrikak hitzaldia emango du ostiralean Buenos Airesen Euskararen Eguna dela-eta antolatutako programaren barnean.

Asuncion, Paraguai. Bi hizkuntzen arteko lankidetza ituna gaur asteartea sinatuko da Asuncionen eta bertan zehazten da euskarak normalizazio biderako bere eskarmentua ekarriko duela guarani hizkuntzak balia dezakeen neurrian, bi hizkuntzak izaera eta egoera aldetik desberdinak badira ere, badauzkate-eta komunean ere gauzak, biak gutxiengo-hizkuntzak baitira, biak gainera hizkuntz beraren (gaztelaniaren) aurrean gehienbat. Euskarak, normalizazio bidean daramatzan hiru hamarkadetan jaso duen eskarmentua jarriko du mahai gainean, guaraniak berau balia dezan hala egin dezakeen neurrian, jakinarazi dute Jaurlaritzatik.

Paraguain den euskal ordezkaritzako parte dira, Patxi Baztarrikarekin batera, bere saileko Joseba Lozano, euskal Administrazio Publikoetako Hizkuntz Normalkuntza zuzendaria eta Sara Pagola, Euskadiren ordezkaria Argentina eta Mercosur-erako.

Hiztun aldetik guaraniak euskarak baino hiztun gehiago (populazioaren %90) baditu ere, bere egoera zeharo diferentea da, gehienbat ahoz transmititzen den hizkuntza baita eta hiztun asko --eta elebakar asko-- baditu ere, apenas idatzia den hizkuntza da, sozialki prestigiatu gabea, hezkuntza munduan apenas sartua eta komunikabideetan eta egungo mundu modernorako ibilbidean ia urrats guztiak ematekoa, nahiz eta Paraguain hizkuntza ofiziala izan, gaztelaniarekin batera.

Normalizaziorako bidean apenas dira abiatuak eta geroa bermatzeko ezinbestekoa daukate hainbat urrats ematea, esan bezala elebakar multzo handia izateak oraingoz arriskuan jartzen ez badu ere hizkuntza. Oinarrian, hizkuntzaren argazkia edo diagnostikoa behar dute egin, hortik abiatzeko plangintzetan, eta horretan interesgarria dakioke guaraniari euskararen eskarmentua, Euskal Herrian egin alfabetatze eta euskalduntze lana tarteko.

Jaurlaritzatik eskainiko den sostengu tekniko beretsua emateko aurretik ere sinatuak ditu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hitzarmenak Kolonbia eta Txileko gobernuetako bere ardura bereko departamentuekin. Baztarrikak aitortu du Euskal Herrian normalizaziorako bidean emandako urratsen berri izatearren mundu osoko deiak jasotzen dituztela, "nahiz eta gu ere oraindik ere bide horretan ari garen, aurrera, baina helburu daukagun gizarte erabat elebiduna oraindik ere lortze bideanr".

Eskarmentu eta esperientzia horri buruzko hitzaldia emango du Baztarrikak sinaduraren ondoren, ondoren Paraguaiko Kongresura bisita egiteko.

Aurreko albiste honen laburpena guarani hizkuntzan:

Og̃uahẽ Paraguáipe mbohapy mburuvicha oúva Vasco retãgui, oykekoségui Paraguái Ñe’ẽnguéra Sãmbyhyha rembiapópe tove guarani tojeporumemeve mamo hendápe ha opa mba’erã tetãpýre, Estado ñe’ẽtee háicha; upéichante avei, oipytyvõta Paraguáipe tove toñeñangareko hekópe opa guarani poruhára deréhco lingüístico rehe.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia