euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritzak Boisen bulegoa zabaldu eta AEBetako Ordezkaria "laburrean" izendatuko duela adierazi du

2011/06/22

Lopez Lehendakaria eta Idahoko Little gobernadoreordea joan den irailean Ajuria-Enean
Lopez Lehendakaria eta Idahoko Little gobernadoreordea joan den irailean Ajuria-Enean

PUBLIZITATEA

Jaurlaritzako Justizia sailburu eta gobernuko eleduna den Idoia Mendia kazetariei zuzendu zitzaien atzo, astearteroko Gobernu Bileraren ondotik eta besteak beste jakinarazi zuen Jaurlaritzak onetsi egin zuela atzokoan hitzarmena AEBetako Idaho Estatuarekin, Euskadiko bulego bat zabaltzearren bertako Boise hiriburuan, eta haiek Bilbon. Jaurlaritzak New Yorken --Estatu Batuak, Kanada eta Mexikorako-- duen Ordezkaritzaren menpekoa izango da euskal jatorrizko komunitate adierazgarria biltzen duen Boise hirian ezarriko den bulego berria. Bestalde, Mendiak adierazi zuen epe "laburrean" izendatuko dutela Ipar-Ameriketako Euskadiko Ordezkaritzako burua, duela bi urte Lopez Lehendari izendatu zutenetik hutsik dagoena Ibarretxek izendatutako Aitor Sotes donostiarrak kargua utzi ostean.

Vitoria-Gasteiz. Boisen euskal bulego bat edo New Yorkeko Ordezkaritzaren antena bat zabaltzea iazko uztailean Lopez Lehendakariak Boisera --bertan Butch Otter gobernadorearekin bilduz-- eginiko bidaiaren ostean, eta irailean Idahoko gobernadoreorde Brad Little-k Euskadira, Ajuria-Enean Lopezekin elkarrizketatuz, eginiko osteraren ondotik dator.

Boise, izan ere Gernikarekin senidetua dagoen hiria, Estatu Batuetan, biztanleen artean euskal eraginik handiena duen hirietako bat da, besteak beste alkatea bera ere, Dave Bieter demokrata, jatorriz zein hizkuntzaz euskalduna duelarik. Estatuko Kapitolioan, estatu-idazkaria Ben Ysursa da, hau ere euskaldunen biloba eta XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran Euskal Herritik bertara emigratu zuten euskaldunen ondorengoa.

Euskadik eta Idahok dauzkaten harremanak asko hazi dira hondarreko hamarkadetan, bai amankomunean daukaten euskal kultura eta euskal munduari dagokionez zein arlo ekonomikoak eskaintzen dituen aukerei dagokienean. Testuinguru honetan koka daitezke azkeneko urteetan Euskaditik bertara aurreko lehendakariek eginiko bisitak eta Lopez Lehendakariak 2010eko uztailean Boisera egindakoa, hirian, bost urtean behin egiten den Jaialdi festa eta elkarretaratze euskal-amerikar erraldoia egiten ari zen bitartean.

Jaurlaritzak Boisen bulegoa zabaltzearekin batera, Idahok berehalakoan Bilbon beste hainbeste egitea espero da, hala biltzen baitu atzo Jaurlaritzak onartutako hitzarmenak. Bi urteko iraupena dauka akordioak eta helburua, Idaho eta Euskadiren arteko ekonomia, hezkuntza eta kultura arlokoko harreman eta trukeak areagotzea da.

Bestalde eta Vasco Press agentziak bildu duenez, Idahoko euskal bulego berri hau zabaltzearekin Eusko Jaurlaritzak Ipar Ameriketarako bere egitura berritzen eman duen lana itxitzat emango du --egun New Yorken meneko Mexiko hirian daukan bulegoa ere baitaratzen du--, izan ere halaber epe "laburrean" izendatuko omen baitu  duela bi urtedanik hutsik dagoen Ipar-Ameriketako Ordezkaritza horretako arduradun kargua, azken Ordezkariak, Ibarretxek izendatutako Aitor Sotes donostiarrak, Patxi Lopez Lehendaritzara iritsi eta gutxira utzitakoa.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia