euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritzak bi euskal etxe berri onartu ditu Argentinan: Konfluentziako Euskaldunak eta Euskel Biotza

2019/10/23

Konfluentziako Euskaldunak Euskal Etxeak antolatutako irteeretako bat, Neuquen eta Rio Negrok bat egiten duten eskualdean
Konfluentziako Euskaldunak Euskal Etxeak antolatutako irteeretako bat, Neuquen eta Rio Negrok bat egiten duten eskualdean

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzak bi euskal etxe berri onartu zituen atzo Gasteizen egindako Gobernu-Kontseiluan, biak Argentinakoak: Patagonian, Neuquen hiri eta probintzian, “Asociación Civil Baskos de la Confluencia" (Konfluentziako Euskaldunak Hiritar Elkartea), eta Santa Fe probintzian, Roldango "Centro Vasco Euskel Biotza" (Euskel Biotza Euskal Etxea). Bi elkarteak, bakoitza bere eremu geografikoan, euskal etxe biziak dira FEVA euskal etxeen federazio argentinarraren barruan.

Konfluentziako Euskaldunak Euskal Etxearen kasuan, 2016ko irailean jaiotako elkartea dira, eta Patagonia iparraldeko Neuquen eta Rio Negro probintzien arteko Konfluentzia izeneko eskualdeko euskaldunak eta euskaldunen lagunak biltzen dituzte, Neuquen (Neuquen) eta Cipolleti (Rio Negro) hirien inguruan. 2018ko apirilean lortu zuten nortasun juridikoa eta hainbat ekimen garatu izan dituzte denbora honetan, tartean jai-girokoak, zinema, gastronomia, irratsaioa, ikastaroak, irteerak eta abar. Patagoniako Euskal Etxeen bileretan ere parte hartzen dute. Honela jaso zuen EuskalKultura.eus-ek 2016an elkartearen sorrera.

Roldango Euskel Biotzak, bere aldetik, bide luzea dauka Santa Fe probintziako Roldan herriko --Rosariotik 25 kilometrora-- euskaldunak biltzen. Joan den mendeko 40 eta 60. urteetan iritsitako euskaldunak euskal etxerik gabe biltzen ziren eta parte hartzen zuten festa eta elkarretaratzeetan, eta euren kultur molde eta ohiturekin plazaratzen ziren beste nazionalitateetan gehienbat suitzar eta italiar immigranteko inguru hartan. Honela 1988a iritsi eta euskal komunitatea Euskel Biotzaren proiektua marrazten hasi zen, udal ekimen batek ideia suspertu eta urrats berria ekarri zuenean, beti ere dantza taldea eta gazte dantzariak ardatz.


(Euskel Biotzak 1988ko sorreratik 25 urte pasa zirenean argazki mordo batekin egindako bideoa)

Taldea eta tradizioa hor zeuden, tarteka sendotzen eta ahultzen, euskal etxe bat sortzeko asmoari batere muzin egin gabe. 2013ak hasiera berri bat ekarri zuen, FEVAko lehendakariaren bisitarekin, eta taldeari Euskaditik ekarritako Zeremoniako Ikurrin dotore bat eskuz-esku oparitu zitzaiola urte hartako Villa Mariako Euskal Astean. Horrek guztiak eta dinamika berri batek animaturik, 2014ko San Inazio festarako taldea handiagoa izan zen. 2016an nortasun juridikoa lortuta, Euskal Etxea sendotzen joan da geroztik indar eta ilusio handiz. Honela jaso zuen EuskalKultura.eus-ek Euskel Biotzaren berrabiatzea 2013-2014an.

Zorionak bi euskal etxe ofizialdu berriei eta euren aurrerabidea sustatu dutenei!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia