euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritzak argi berdea eman dio Euskal Etxeentzako dirulaguntza deialdiari: 900.000 eurotik gora 2017an

2017/06/14

Jaurlaritzak eta Europa, Asia eta Ozeaniako Euskal Etxeek maiatzean Parisen egindako bileraren irudia (arg. EuskalKultura.com)
Jaurlaritzak eta Europa, Asia eta Ozeaniako Euskal Etxeek maiatzean Parisen egindako bileraren irudia (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak atzo eginiko bileran, Euskal Etxeentzako 2017rako dirulaguntza deialdi nagusia onartu zuen, aurtengoan 902.307 euroko kopurua banatuko dituena, iaz baino 40.000 euro gehiago. Atzoko pausoaren ondotik, deialdia EHAA buletinean argitaratzen denean --ekainaren 21ean seguruenik-- sartuko da indarrean. Erne, beraz, euskal etxe eta federazioak, egun horren biharamunetik aurrera hilabeteko epea izango baitute euren proposamen eta eskabideak aurkezteko.

Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzak bide eman zion atzo Euskal Etxeentzako eta euskal etxeen federazio eta konfederazioentzako dirulaguntzen 2017ko deialdiari. Aurtengo edizioak, orotara, 902.307 euro bideratuko ditu deialdi nagusi honetan, 40.000 euro gehiago iaz baino. Laguntzaren zatirik handiena –782.307 euro– Euskal Etxeen urteko programak edo jarduera zehatzak laguntzera bideratuko da, nagusiki, gazteria, emakume, kanpo-irudi eta komunikazio, memoria historiko, gastu arrunt eta funtzionamenduaren arloko jardueretara, IV atala deitzen dutena..

Gainerakoa, 120.000 euro --hau da, iazko 80.000ak  baino 40.000 euro gehiago-- azpiegitura-gastuetara, VII. kapitulua deiten denari dagokio, zentroen beraien egoera hobetzera bideratutako jardueren gastuak osorik edo zati batean finantzatzeko, esaterako, ezbeharrek eragindako kalteak konpontzeko, hesi arkitektonikoak kentzeko, euskal etxe berriak eraikitzeko, gazteentzako lekuak egokitzeko eta gazteen zein emakumeen jardueretan teknologia erabiltzeko.

Deialdian mundu osoko 25 herrialdetan ofizialduta dauden 190 euskal etxeek har dezakete parte. Deialdia EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, hilabeteko epea egongo da eskaerak egiteko. Ekainaren 21ean aurreikusten da argitaratzea. Horren berri emango du EuskalKultura.com-ek gertatzen denean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia