Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Arantza López de Munain Zulueta, Euskadiren Frantziako ordezkari izendatzea onartu zuen atzo asteroko bere ohiko bileran. Euskadiren Frantziako Ordezkaritza sortzea joan den abenduan sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bere egoitza Parisen aurten bertan estreinatu nahiko luke Iñigo Urkullu lehendakariak. Xedea, Euskadiren interesak auzoko herrialde honetan defendatzea eta baita ere tartean bertako euskal etxe eta komunitateekiko harremanak zaintzea.
Une honetan sei euskal etxe daude ofizialki onartuak Frantzian, hala nola Paris, Bordele, Marseilla, Paue, Montpellier eta Saint Pierre eta Mikelon-en, azken hau Frantziako parte, nahiz eta geografikoki Ipar Amerikan kokatua egon eta NABO, Ipar Amerikako Euskal Elkarteean federazioko kide izan. Euskal elkarte gehiago ere badaude Frantzian, horietako batzuk ofizialki euskal etxe gisa onartuak izateko prozesuan edo eskabidea aurkeztekotan, izan ere euskal etxeen munduko sarean sartzeko, horrek dauzkan eskubide eta betebeharrekin.
Arantza López de Munain Zulueta Zuzenbidean lizentziatua eta Ekonomian diplomaduna da (abokatu ekonomilaria) Deustuko Unibertsitatean, eta hainbat master egin ditu Europako unibertsitateetan. Administrazio Publikoaren Europako Institutuko (Maastricht, Herbehereak) “European Policies” unitate erantsiaren burua (1990-1994) izan da eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Europako Gaietarako arduraduna (1994-1998). 1998az geroztik, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen (EGAB) Azterlan eta Proiektuen arduraduna da.