euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritzak antolatuta, igandera arte garatzen ari da Bilbon Oroimenari eta Bizikidetzari buruzko Biltzarra

2012/05/18

Oroimenari eta Bizikidetzari buruzko Biltzarra Bilbon ari da egiten EiTBren egoitza nagusian, maiatzaren 14tik 20ra (argazkia EiTB)
Oroimenari eta Bizikidetzari buruzko Biltzarra Bilbon ari da egiten EiTBren egoitza nagusian, maiatzaren 14tik 20ra (argazkia EiTB)

PUBLIZITATEA

Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtearen baitan Bilbon ari da egiten egunero iragan astelehenetik datorren igandera bitartean Oroimenari eta Bizkidetzari buruzko Biltzarra, "balore etiko eta demokratikoetan sostengua duen gizarte berri baten oinarriak finkatzen" lagungarri izan nahi duen ekimen bat, "geroa, iragana ahaztu gabe" eraikitzen laguntzeko, " izukeriaren eta askatasun gabeziaren erasoa jasan duten pertsonen oroimena" bilduz eta aztertuz, horretarako, inguru hurbil eta urruneko beste esperientzia batzuk eta "indarkeria deslegitimatzeko eta bizikidetza sendotzeko" proposamenak mahaigaineratuz.

Bilbo, Bizkaia. "Orrialdea pasatu behar dugu, baina (orrialde) guzti-guztiak irakurri ondoren, eta hortik abiatuta, bizikidetza eta elkar-eramatea eraiki", esan zuen Patxi Lopez lehendakariak iragan astelehenean, Oroimenari eta Bizikidetzari buruzko Biltzarraren inaugurazioan. Biltzarra, Bilbon, EiTBren egoitza nagusietan ari da egiten datorren igandera arte, maiatzaren 20ra arte eta ekimenak, Lopezek azaldu zuenez, oroimena eta egiaren gainean 'herrialdea eraikitzeko' behar du balio, "solasgune bilakatzeko, iritzi, sinesmen eta ixaropenen agertoki" ETAk ekintza armatuak utzi ondoren zabaltzen ari den epe itxaropentsu honetan".

Bere hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren buruak terrorismoaren biktimen garrantzia azpimarratu zuen “hilketen aurrean askatasuna defendatu baitute. Haiei esker garaitu dugu terrorismoa”, esanez. Lopezen aburuz, honek guztiak “garai berri bat ekarri du, eta orain euskal gizarte zuzen bat eraiki nahi dugu, moralki zuzena den Euskadi bat”, eta horretarako antolatua litzateke Biltzarra. Bertan, “errealitateak eta esperientziak ezagutzera eman nahi ditugu, gertatu zaigunari buruz kolektiboki hausnartzeko”.

Helburu horri dagokionez, lehendakariaren ustez “garrantzitsua da beren iraganari uko egin dioten terroristek egin dezaketen ekarpena, lagungarria izan daitekeelako bizikidetzan oinarritutako etorkizun bat eraikitzeko”. Lehendakariak esan zuenez, “gizarte sendo batek soilik proposa dezake gizarteratzea eta berriz demokratizatzea gure askatasunari eta gure erakundeei eraso egin dioten guztientzat”.

Bilbon maiatzaren 14tik 20ra biotartean Memoria eta Bizikidetzari buruz egiten ari den Biltzarra panel deitutako lan saioetan dago egituratuta, eta horien bidez terrorismotik eta askatasun gabeziatik eratorritako arazoen alderdi zehatzak ari dira aztertzen. Panel bakoitzaren inguruan zenbait gonbidatu biltzen dira, gai jakin bati buruz eztabaidatzeko; debate bakoitzean moderatzaile bana, koordinatzaile.

Eztabaidetan parte har dezaten gonbidatu direnen artean daude, besteak beste, Txileko senatari Isabel Allende, Israelgo ministro ohi Shlomo Ben Ami, edota José Pedro Pérez Llorca espainiar diputatu ohia, Espainiako konstituzioaren aitatzat jotzen dena; horrez gain, prozesu historikoen arloko nazioarteko adituak ere gonbidatu dituzte, tartean nazien mendeko Alemania, Alemaniar Errepublika Demokratiko zaharra, Sobietar Batasun ohia, Jugoslavia zaharreko garbiketa etnikoa, Txile eta Argentinako diktadurak, eta beste prozesu batzuetako adituak.

Eztabaidetan, biktimak, talde bakezale eta unibertsitate arduradunak, soziologoak, teologoak, edota kazetariak aritu dira edota arituko dira solaskide. Biltzarra inauguratu ondoren, astelehenean bertan, eguerdi aldera, ekin zioten lehenengo panelari, Biktimak, testigantza eta bizikidetza gaia ardatz hartuta. Parte hartu zuten Iñaki Garcia Arrizabalaga, Komando Autonomo Antikapitalistek 1980ean hil zuten Telefonicako delegatu Juan Manuel Garcia Corderoren semeak; 1991ean bonba-pakete baten leherketa jasan zuen Joaquin Vidal erpetxe funtzionariak; eta Carmen Hernandez, 2000ean ETAk hil zuen Jesus Maria Pedrosa Durangoko zinegotziaren alargunak.

Asteartean, Hedabideak, memoria eta bizikidetza eta Diktaduratik demokraziara izenburuko panela landuko zuten. Asteazkenean, aldiz, Pentsamendua, gizartea eta bizikidetza eta Beste esperientzia batzuk beldurraren aurrean. Ostegunean, Kultura eta bizikidetza eta Gazteak eta bizikidetza gaien txanda izango da. Gaur, berriz, Memoriaren politika: berriz ez gertatzeko etika gaia landuko dute. Larunbatean Terrorismotik bizikidetzara eta Bizikidetzarako hezkuntza izango dituzte hizpide. Biltzarraren azken egunean, igandean, panela Memoria zentroei buruzkoa izango da.

Biltzarra igandean, maiatzak 20, hamabi eta erdietan bukatuko da, eta horretarako Jorge Fernández Espainiako Barne ministroa eta jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Ares bertaratuko dira; baita Bilboko alkate Iñaki Azkuna eta Inés Ibáñez de Maeztu Giza Eskubideen zuzendaria ere, ekitaldiari amaiera emateko.

Jaurlaritzak Langraitzeko espetxean dagoen Carmen Gisasola etakide ohia ekarri nahi izan zuen Biltzarrera, eta gonbidapena luzatu zion, borroka armatuarekiko zeukan eta egun daukan jarrera eta izan duen eboluzioa azal zitzan, baina Barne Ministerioak ezezkoa eman zion baimenari eta Euskadiko PPk ere ezezko biribila Antonio Basagoiti medio, eskaera soilak polemika pizturik gehienbat estatuko zenbait egunkari eta hedabidetan.

-EiTB zuzenean ari da ematen Biltzarreko irudiak
-Biltzarraren webgunea: www.congresomemoriayconvivencia2012.com
-Albistea Berrian
-Egiari Zor fundazioak baztertzailea dela dio
-Lehenengo egunerko bideoak, eitb.com-en
-Hiru biktimaren lekukotasunak (bideoa), eitb.com-en
-Brigada Gorrietako kide ohi baten lekukotasuna




« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia