euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritzak aldaketak ofizialdu ditu Lehendakaritzaren organigraman eta izenez aldatu du Diasporarako Atala

2010/01/13

Orain arteko Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritza (Julian Celaya buru, argazkian) aurrerantzean Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritza izango da (argazkia EuskalKultura.com)
Orain arteko Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritza (Julian Celaya buru, argazkian) aurrerantzean Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritza izango da (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen dekretua onartu zuen atzoko bilkuran, bi Idazkaritza Nagusi berri sortuz: Koordinaziorakoa, eta Herritarren Partaidetzarako eta Dokumentaziokoa. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari dagokionez, orain arte iragarrita baina ofizialki onartu gabe zegoen Euskadiko Ordezkaritzen murriztea onartu zen, eta baita ere Julian Celaya buru duen Zuzendaritzaren izen aldaketa, EuskalKultura.com-ek bere momentuan aurreratu bezala, aurrerantzean Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritza izena hartuko duena.

[Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari dagokionez (Guillermo Echenique idazkari nagusi), funtsean bi dira erabaki diren aldaketak: batetik, Euskadiren Ordezkaritzen berrantolaketa murrizte aldera [iragarria bai, baina ofizialki orain arte onartu ez zena; izan ere, esaterako, orain arte Mexikoko Euskadiren Ordezkari izan denak (kargu hau ezabatu egiten da egitura berrian) atzo bertan izen horrekin segitzen zuen sinatzen Mexikon], eta bestetik, orain arte 'Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritza' (Julian Celaya zuzendari) izan denaren izen aldaketa, hemendik aurrera 'Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritza' bihurtzeko. Atzo hartutako erabakiak Euskal Herriko Buletina (EHAA) delakoan argitaratzen direnean sartuko dira indarrean, seguruenik aste honetan bertan]

Vitoria-Gasteiz. Jaurlaritzaren Kontseiluak atzo onartu zuen Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen dekretua. Aurreko egitura hiru idazkaritza nagusitan antolatzen zen arren, egitura berriak beste bi idazkaritza nagusi emendatu dizkio, neurri honekin "erantzuna eman nahi baitzaio, batetik, aurreko gobernuko Lehendakariordetza desagertzearen ondorioz Lehendakaritzak izan duen jardun-arloak zabaltzeari eta, bestetik, sailak eta erakundeak koordinatzeko alorrari eta hiritarrek Jaurlaritzan eta euskal gizartearen balio demokratikoen inguruko eztabaida publikoan parte hartzeari berariaz eskaini zaion pisu garrantzitsuari", exekutiboak ohar batean plazaratu duenez. Aldi berean, Emakunde institutua ere Lehendakritzari atxikita geratzen da.

Hauxe da Lehendakaritzako egitura berria:

1.1.-Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusia (Jose Manuel Salinero Feijoo idazkari nagusi)
a) Lehendakariaren Kabinetearen Zuzendaritza
b) Protokolo Zuzendaritza
c) Zerbitzu Zuzendaritza
d) Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritza
e) Toki Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza

1.2.- Koordinaziorako Idazkaritza Nagusia  (Virginia Mugica Conde idazkari nagusi)
a) Koordinaziorako Zuzendaritza
b) Autonomia Garapenerako Zuzendaritza.
c) Jaurlaritzaren Idazkaritzarako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritza

1.3.- Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia (Guillermo Echenique Gonzalez idazkari nagusi)
a) Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko Zuzendaritza (Irune Agirrezabal Quijera)
b) Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritza (Julian Celaya Loyola)
c) Euskadiren Ordezkaritza Bruselan
 (Marta Marin Sanchez)
d) Euskadiren Estatu Batuak, Kanada eta Mexikoko Ordezkaritza (izendatzeke)
e) Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Ordezkaritza (Elvira Kortajarena Iturriotz)
f) Euskadiren Txile eta Peruko Ordezkaritza (izendatzeke)
g) Euskadiren Kolonbia, Venezuela eta Erdialdeko Amerikako Ordezkaritza (Ignacio Valentin Martinez Lopez)
h) Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Ordezkaritza

1.4.-Herritarren Partaidetzarako eta Dokumentazioko Idazkaritza Nagusia (Andoni Unzalu Garaigordobil idazkari nagusi)
a) Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritza

1.5.- Komunikaziorako Idazkaritza Nagusia (Emilio Alfaro Martinez idazkari orokorra)
a. Komunikaziorako Zuzendaritza
b. Gobernu Irekirako eta Interneteko Komunikaziorako Zuzendaritza

Halaber, Lehendakaritzari atxikita dago Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea.

IDAZKARITZA BAKOITZAREN EGINKIZUNAK

-Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiari dagokio lehendakaria buru duela Jaurlaritzaren ekintza orokorra koordinatzea, baita Lehendakaritza osoko zerbitzuak koordinatzea, zuzentzea eta kudeatzea ere, eta, bereziki, Lehendakariari laguntza politikoa eta teknikoa ematea Jaurlaritzaren ekintza eta gizarte- eta erakunde-harremanen arloa koordinatzeko zereginetan.

-Koordinaziorako Idazkaritza Nagusiaren egitekoak dira Jaurlaritzaren sailen arteko eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen arteko lankidetza, koordinazioa, elkarrekiko plangintza eta artikulazioa sustatu eta garatzea arloz arloko politiketan, eta politika publikoak definitu, koordinatu eta gauzatzeko orduan Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publikoa diseinatu eta aplikatzea. Sailek autonomiaren garapeneko politikan egin behar dituzten jarduerak koordinatzea ere badagokio.

-Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren jardun-arloa, berriz, Eusko Jaurlaritzaren kanpo-harremanak planifikatzea, bultzatzea eta koordinatzea da, bereziki Europar Batasuna, mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza, eta euskal gizataldeak eta euskal etxeen inguruko Jaurlaritzaren politikak, bai eta Euskadiren kanpoko ordezkaritza- eta proiekzio-politika ere.

-Herritarren Partaidetzarako eta Dokumentazioko Idazkaritza Nagusiaren ardura da Lehendakariari laguntzea euskal gizarteari Jaurlaritzaren interes orokorreko gaiak jakinarazten eta, bereziki, euskal gizartearen balio demokratikoen inguruko eztabaida publikoa sustatzen, bai eta herritarren partaidetzarako eta erakundeek horien proposamenei erantzuteko bideak sustatzen ere.

-Komunikaziorako Idazkaritza Nagusiari dagokio Eusko Jaurlaritzaren informazio- eta komunikazio-politika ezartzea, diseinatzea eta zuzentzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia