euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritzak 216.000 euroz lagunduko du militarren pean desagertutako euskal argentinarren berri eskuratzen

2007/02/27

Militarren pean desagerturiko 300 bat euskaldun bilatuko dituzte akordioak bultzatutako ekimenekin
Militarren pean desagerturiko 300 bat euskaldun bilatuko dituzte akordioak bultzatutako ekimenekin

PUBLIZITATEA

Argentinako agintariekin sinatu berri duen akordioan jasotzen denez Eusko Jaurlaritzak 216.000 euroz lagunduko ditu argentinar militarren diktadurapean (1976-1983) desagertutako euskaldunen bilaketa lanak. Lankidetza akordioa atzo bertan sinatu zuten Buenos Airesen Javier Madrazo Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Arazoetako sailburuak eta gobernu argentinarreko Giza Eskubideetarako Idazkariak, Eduardo Luis Duhaldek. Banku Genetiko bat eta Argazki Artxibo bat sortuko dituzte akordioren arabera, eta Dokumentazio Zentro baten sorrera ere bultzatuko da.
Akordioaren sinadura ekitaldian Javier Madrazok euskal gizarteak desagertuekin duen zorra ekarri zuen gogora, 'oroimena eta egia berreskuratzearen aldeko lana zor diegu' esanez. Gizarte Arazoetako sailburuak azaldu zuenez, ekimen honekin Eusko Jaurlaritzak pertsona hauen bilaketa prozesuan lagundu nahi du, bahitu zituztenetik gertatutakoak argitzeko.

Lankidetza hitzarmenean jasotzen diren neurrien artean Banku Genetiko baten sorrera dago, honen bidez ahalik eta desagertuen gorpuzki gehien identifikatu ahal izateko. Bigarren neurri bat Argazki Artxibategi baten sorrera izango da, bertan biktimen irudiak, garai hartako historia grafikoa eta 'etorkizunean horrelako gertaerak errepikatu ez daitezen gogoan eduki beharreko alderdi guztiak' jasotzeko.

Dokumentazio Zentrua; desagertutako haurtxoak

Protokoloak, gainera, Pertsona Desagertuen Batzorde Nazionalak (Comisión Nacional sobre Desaparición de Personas--CONADEP) eta Presidentziako Medio Idazkaritzako artxibo eta materialen bilketa, zaharberritzea eta sailkapena bultzatuko ditu, Dokumentazio Zentru bat sortuz. Zentro honetan ikasle eta ikerlariek gertaera hauek sakoneran ezagutu eta aztertu ahal izango dituzte.

Haurtxo desagertuei dagokienez, protokoloak gurasoekin desagertu edo ama preso zegoen bitartean jaio eta desagertutako haurtxoak bilatzeko ekimen zehatzak bultzatuko ditu. Atal honen barruan aita edo ama, edo biak, euskaldun jatorrikoak zituzten haurrak sartuko dira.

Senitartekoak: 'Zauria odoletan dugu oraino'

Madrazo desagertuen senitartekoekin bildu zen atzo, eta hauek bere esker ona agertu zioten, egia ezagutzeko beharra dutela azpimarratuz. 'Zauria odoletan dugu oraino', esan zioten sailburuari.

Euskal ordezkaritzaren gaurko agenda Adolfo Pérez Esquivel Nobel Sari eta Bakea eta Justizia Zerbitzuko lehendakariarekin bilkura batekin hasiko da. Bilera honetan 'Latinamerika eta munduko bake mugimenduak' sustatzearen aldeko akordioa sinatuko da, 'partaidetza, horizontaltasun, berdintasun, elkartasun eta erantzunkidetasunaren printzipioetan oinarrituta'. Ondoren, Madrazo Plaza de Mayoko Amonen lehendakari Estela Barnes de Carlotto eta elkarteko hainbat kideekin bilduko da.

FEVArekin bilera

Sailburua Droga Prebentzio eta Trafikoaren Aurkako Programazio Idazkaritzako arduradunekin ere bilduko da. Bukatzeko, arratsaldeko seiak aldera ordezkaritza euskalduna FEVAko (Federación de Entidades Vasco-Argentinas) zuzendaritzarekin bilduko da Buenos Aireseko Laurak Bat zentruan.

Argentinara bidaia egin duen Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Arazoetako ordezkaritza ondokoak biltzen ditu: Javier Madrazo sailburua; Agustin Atxa Herritarren Partaidetzarako eta Harreman Instituzionaletarako sailburuordea; Igor Irigoien, Garapenerako Lankidetzako zuzendaria; Belen Bilbao, Droga Gaietako zuzendaria; eta Ibon Idigoras, Kabinetearen zuzendaria. Argentinan Marieli Díaz de Mendibil Euskadiko ordezkaria batu zaie.


Lotura interesgarriak

FEVAren web gunea
www.fevaonline.org.ar

Jaurlaritzak euskalargentinar desagertuen bilaketan lagunduko du
EuskalKultura.com-en argitaratua, 2007ko otsailaren 26ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia