Vitoria-Gasteiz. Gure erredakziora bidalitako ohar batez, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak 2020an Euskal Diasporaren Egunaren edizio birtuala ospatzearen aldeko deia egiten du, COVID-19ko pandemia dela hartu beharreko neurriei jarraiki. Horregatik Irailaren 8ko hitzordua --normalean egun hori baita jai horren data zehatza-- aste osora zabaltzeko proposamena egiten du, "honela bakoitzak bere erara eta bere unean egin ahal izan dezan ekitaldia".
Euskal Diasporaren Egunaren inguruan burutzen diren ekimenen berri emateko --dantzak, bazkariak, topaketak "edo zuek nahi dituzuen beste ekintza asko izan daitezke"-- Jaurlaritzak deia egiten die euskal etxeei lehenbailehen bideo bat bidaltzeko (Euskal Diasporaren Egunari buruzko euskal etxeko ospakizunaren grabazioa). Asmoa, munduan zehar egingo diren ospakizun bakoitzeko zati bat bideo orokor batera biltzea.
Epemuga bideoa bidaltzeko Irailaren 13a da (nora: euskaletxeak@euskadi.eus).