euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritza Diasporaren Eguna ospatzeko mundu osoan eratutako ekitaldien zerrenda ari da osatzen: bidali zeurea!

2023/08/31

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Astebete inguru —zortzi egun hain zuzen ere— baino ez da falta Diasporaren Egunerako, eta munduko hainbat euskal etxe, komunitate eta elkarte lanean dira, bakoitza bere erara eta bere indarren arabera, Euskal Diasporaren Eguna 2023 ospatzeko, esan bezala bakoitza bere modura, izan festa baten bidez, prentsa-artikuluren bat argitaratuz, antolatuz irratsaioak, afariak, haurren jokoaldiak, hitzaldi eta zinema-saio, kontzertuak, mezak, topa-egiteak, topaketak edota beste hamaika gauza, beti ere euskal diaspora ospatu eta aldarrikatzeko euskaltasuneko eta Euskal Herriko zati eta parte aktibo gisa.

Zeuk ere, zauden lekuan zaudela, ekintza, ekitaldi edo zernahirekin ospatzeko asmoa badaukazu, bidali dezakezu egin behar duzuen horren berri Eusko Jaurlaritzara, mundu osoan beste hamaika jende, erakunde eta elkartek egin behar dituztenekin bildu eta 2023ko Euskal Diasporaren Eguneko agendan sar dezaten. euskaletxeak@euskadi.eus da bidaltzeko helbidea. Ez dago ekitaldi handi edo txikirik, balio duena bat egitea da eta Euskal Herriak eta munduan barreitutako euskaldunek bat egitea eguna ospatzen.

Ekitaldi instituzionala Gernikan

Euskal herritarrek eta euskal diasporako kide eta elkarteek nazioarteko euskal geografia osoan deitutako ekitaldi eta elkarretaratze-proposamenez gain, Euskal Herrian Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko ekitaldi instituzional bat antolatu du Eusko Jaurlaritzak Gernika-Lumon. 18:30etan, Euskal Herria Museoko lorategietan, Urkullu lehendakaria buru, "berdin dio non bizi zaren, berdin dio urrun zauden. Euskadi bizi baduzu, Euskadi zugan bizi da, Diasporizatu!" lelopean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia