euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jatorri lekeitiarra duen Vince Juaristik sortutako Juaristi Bekek 50 ikasle lagundu dituzte Nevadan

2014/07/04

Beka-emate zeremonian, Emma Smith (Utahko unibertsitatera joango da), Cathy Smales (aurkezlea) eta Lexi Samper (euskal jatorrikoa, Nevada-Renoko unibertsitatean ikasiko du) (Argazkia JSP)
Beka-emate zeremonian, Emma Smith (Utahko unibertsitatera joango da), Cathy Smales (aurkezlea) eta Lexi Samper (euskal jatorrikoa, Nevada-Renoko unibertsitatean ikasiko du) (Argazkia JSP)

PUBLIZITATEA

Berrogeita hamargarren beka eman zuen Juaristi Scholarship (Juaristi Bekak) programak aurreko astean. Nevadako (AEB) Elko eta White Pine konderrietako ikasleak goi mailako ikasketekin laguntzeko sortu zituen Vince Juaristik beka hauek, 2007. urtean. “Zortzi bat beka ematen ditugu urtean”, esan dio Juaristik Euskalkultura.com-i.

Elko, Estatu Batuak. “Elkoko eskolan ikasi nuen nik eta beka hauen bitartez bertako gizarteari bueltan zerbait emateko aukera dut”, adierazi du, orain, Virginian (AEB) bizi den Arbola enpresa teknologikoko buruak. Ikasleek nahi duten eskolan egin ahal izango dituzte goi mailako ikasketak.

Lekeitiar bate seme den Vince Juaristik berak sortu zituen bekok eta bera da ere dirua jartzen duen pertsona bakarra. “40.000-50.000 dolar inguru eman ditugu dagoeneko, 500 eta 1.000 dolar artean ikasle bakoitzeko”, adierazi du. Ikasleek ez dute ahazten Juaristik emandako laguntza: “Badaude eskerrak emateko idazten didaten ikasleak, ikasketak behin bukatuta, edota lan edo master baterako erreferentzia gutuna eskatzeko idazten didatenak ere”.

vince juaristi

[Vince Juaristi (irudian, duela urte batzuk, Atlantan hizlari Bolondresgo eta Auzolanari buruzko Konferentzian) 'Back to Bizkaia: A Basque-American Memoir' (Itzulera Bizkaira: oroitzapen euskal-asmerikarra) liburuaren egile da, liburuan bere harremana Euskal Herria eta euskal ondarearekin eta euskal-amerikar gisa haztearen esperientzia partekatzen duela irakurleekin]

Hiru baldintza bete behar dituzte beka jaso nahi duten ikasleek: eskolan nota onak izatea, auzolanean esperientzia izatea eta Juaristik berak aukeratutako gai baten inguruko 1000 berbako saiakera idaztea. Aurten, jorratzeko gaien artean hurrengoak zeuden aukeran: Populazioaren gorakada, Ingeniaritza genetikoa, Espezieen desagerpena, Mundu birtuala eta Mailegatutako legeak (AEBetan legeak egiteko ereduetariko bat).

Urtero, urtarrilean, bekak eskatzeko betekizunak argitara ematen ditu Juaristik eta otsaila bukaerarako hautagaiek bidalia behar dute eskakizuna. Apirila eta maiatza bitartean aukeratzen ditu ikasleak (bere ama Rosie Juaristiren laguntzarekin) eta ekainean antolatzen du beka-emate zeremonia.

Pozik dago Juaristi 50 ikasle lagundu ahal izan dituelako. “Gauza ederra da”, dio. Hala ere, laguntza gehiago eskaintzeko prest dago: “Ez dakit orain beka gehiago eman ala ematen ditudan horien diru laguntza handitu”.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia