euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jasone Euskal Etxeko bazkide, lagun eta buruzagiak dira Paraguaiko Asuncion hiriko euskara ikaslegoa

2010/01/11

Jesus Nazabal Jaka berastegiarra harbelean, Asuncion hiriburu paraguaitarreko 'Jasone' Euskal Etxean ematen dituen euskara eskoletako batean (EE argazkia)
Jesus Nazabal Jaka berastegiarra harbelean, Asuncion hiriburu paraguaitarreko 'Jasone' Euskal Etxean ematen dituen euskara eskoletako batean (EE argazkia)

PUBLIZITATEA

Euskara eskolei berrekin nahi zieten eta halaxe egin dute. Joan den urriaren 5etik hasita ikasle talde bat osatu dute hiriburu paraguaitarreko Jasone Euskal Etxeko zenbait bazkide, lagun eta buruzagik eta errepublikan duela 39 baino gehiago daramatzan Jesus Nazabal berastegiarra irakasle Aitorren hizkuntzarekin ari dira astero, aldi berean Euskal Herriko kultur jakingarriak eskuratzen eta euskal lurralde, eskualde eta herri zein hirietara hurbiltzen.

Asuncion, Paraguai. Euskara eskolak astean behin ematen dira Asunciongo Euskal Etxean, astelehenetan, gaueko zazpi t'erdietatik bederatziak arte. Irakaslea Jesus Nazabal Jaka da, joan den abenduaren 30ean 69 urte bete zituen berastegiarra, horiuetarik 39tik gora Paraguain.

2009 asuncion euskara 02

[Jesus Nazabal berastegiarra Jasone Euskal Etxean euskara eskolak ematen]

Eskoletan parte hartzen duten ikasleen artean aipa daitezke Galo Egüez, Alberto Urrutia, Ramón Cueto, Arturo Sasiain, Cristina Sasiain, Héctor Izaguirre, Carlos Vera eta Ana María Añazco, horiei geroago Macarena Ramos Sasiain bildu zitzaielarik.

2009 asuncion euskara 03

[Joan den urrian euskara eskolak hasi zituzten ikasleak]

Hizkuntza ikasteaz gain, ikastaroko parte direnek euskal kultura orokorra eta euskal geografiari buruzko jakingarriak ere eurenganatzen dituzte, Euskal Herriko lurralde, eskualde eta herrien inguruko xehetasunak eta bakoitzaren arbasoak nondik etorri ziren ikasiz.

2009 asuncion euskara 04

[Euskara eskolen osagarri, irakaslea Euskal Herriko geografiaz ere mintzatzen zaie, bertako herriei buruzko ezagutza orokor bat emanez]

Bestalde, Jasone Euskal Etxetik adierazi dute euskal elkarteko bazkide eta ordezkari talde batek parte hartu zuela abenduaren 5ean, Asunciongo Catalonia jatetxean, euskal, andaluziar eta kataluniar platerak partekatuz antolatu zen topa-egite batean, Espainiako estatuko komunitate horietako eta egoiliar espainiarrak gonbidatu ziren Eguberri eta Urte Berri saio batean.

2009 asuncion espainia 01

[Euskal ordezkarien txanda Catalonia jatetxean egindako ekitaldian]

Elkarretaratzeak afari handi bati eman zion bidea, Asunciongo Andaluziako Etxea, Casal Catalana eta Euskal Etxeko buruzagiak bertan zirela, komunitate hauetako bakoitzak bere plater tipiko sorta bat ekarri zuela. Euskaldunen kasuan, euskara ikasleetako batzuk koru moduko bat osatu eta euskal eguberri-kantuak prestatu eta kantatu zituzten, hala nola Hator hator. Andaluziako Etxeko kide batek gitarra hartu eta aire andaluziarrak jo eta kantatu zituen.

2009 asuncion espainia 02

[Euskal partaideek 'bi euskaldun, koru bat' dioen esaera baieztatu zuten]

Paraguaiko hiriburuko Euskal Etxeak lerro hauen aukera baliatu nahi izan du eskerrak emateko ekitaldian parte hartu zuten guztiei. Afariaren ondoren, zozketa batzuk egin ziren bertaratu zirenen artean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia