Buenos Aires, Argentina. Jasone Agirre legebiltzarkide bizkaitarraren eskutik, datorren ostiralean estreinatuko da Buenos Aires Hirian Iratxe Sorzabalen eta haren ama Mari Nieves Diazen historia hizpide duen "Bi arnas" dokumentala, Jon Mikel Fernandez Elorz donostiarrak zuzendua. EH Bilduko hautetsiak hiriburu argentinarra bisitatuko du egunotan, besteak beste 'Buenos Airesek EHa ospagai' kale festa erraldoian parte hartzeko, bertako lagunek gonbidaturik. Bi emanaldi izango ditu 'Bi arnas'ek, euskal etxeen zirkuitoan lehena eta hiriko zinema batean bigarrena.
"Bi arnas" filmaren lehen emanaldia Buenos Aireseko Euskaltzaleak euskaltegian (Bernardo de Irigoyen 826an) izango da, ekainaren 2an, ostiralean, 19etan, doako sarrerarekin. Aurkezpena EH Bilduko diputatu Jasone Agirrek egingo du eta, proiekzioaren ondoren, dokumentalaren egileekin solasaldia egin ahal izango da zoom bidez. Ekainaren 5ean, astelehenean, berriz, gaueko 20etan, Congreso auzoko Gaumont zineman (Rivadavia etorbidea 1635ean) proiektatuko da filma.
Jon Mikel Fernandez Elorzek zuzendutako "Bi arnas" filmaren trailerra
'Bi arnas' tortura testigantza bat da, bidegabekeriaren eta inoiz gertatu ez zen elkarrizketa baten isla. Maria amak torturatu duten Iratxe alabarekin hitz egiten du. Filmak torturak eragindako zauria ikusarazi nahi du, oraindik itxi gabe dagoena. Azken 50 urteetan torturatu dituzten euskaldunak ehunka izan arren, nahiz eta kasu gutxi aitortu ziren ofizialki. Filmak Nekane Txapartegi torturatuaren eta Francisco Paco Etxeberria auzitegiko medikuntzako mediku espezialistaren testigantzak ere jasotzen ditu. Azken horrek Euskal Herriko tortura kasuei buruzko txosten luzea egin du.