Navarro, Argentina. Etengabeko euria egin arren, entzule ugari bildu zen apirilaren 13an, larunbat iluntzean, María Eugenia Cruset doktoreak Navarroko "José Ruiz de Erenchun" liburutegian eskaini zuen Tréboles y robles: caminos entrecruzados de irlandeses y vascos en Argentina (Hirustak eta haritzak: irlandar eta euskaldunen bide gurutzatuak Argentinan) hitzaldia entzuteko. Solasaldia euskal eta irlandar ondorengoen arteko topaketa zabalago baten baitan egin zuten eta Irlandako kontsula Deirdre O'Flaherty, Facundo Diz intendentea eta Navarroko eta inguruko herrietako bizilagunak bertaratu zituen.
Eguraldi txarrak Topaketaren gertalekua aldatzera behartu zuen. Aldaketa hori kenduta, dena programatuta zegoen bezala garatu zen, Liburutegiko aretoaren aterpean, ordea. Cruset doktorearen hitzaldi txalotuak, Irlandako musika eta dantza ikuskizun bati eman zion bide. “The commons” folk irlandar taldea, “Knock Dance” dantza taldea, Eluney Pavletic abeslaria, Gaiteroak eta Triskel Dance taldea izan ziren partaide.
Omenaldia Navarroko euskal immigrante baten bilobari
Gorazarre egin zioten Navarroko Liburutegiko elkarretaratzean Luis Víctor “Potxo” Duffau-ri (diploma eskuetan duela, bigarrena ezkerretik), argazkian, inguruan familiakoak eta bertako Eusko Txokoako kideekin
Horrez gain, eta topaketaren baitan ere, Navarroko “Eusko Txokoak” euskal elkarteak omenaldia egin zion 93 urteko euskal inmigrante baten biloba den Luis Víctor “Pocho” Duffauri. Gizona Buenos Aires probintziako zonalde honetan artzain lanetan aritu zen gaztetan eta “Navarroko euskal komunitatearen ordezkari duina da, bere lana, esfortzu, elkartasun eta naturarekiko duen zaletasunagatik”, María Inés Llanos Luloagak, euskal jardueraren sustatzailea denak adierazi duenez.
Euskaldun eta irlandarren ondorengoen arteko topaketaren emaitzarekin oso pozik, bere emozioa partekatzen du Llanos Luloagak ekitaldiaren balantzea egiterakoan EuskalKultura.eus-ekin. «Oso pozik gaude. Arrakastatsua izan zen, tokiaz nagusitu zen espirituagatik, esan nahi baita proiektu komun bat lortzeko nabaria zen borondate batuagatik, elkarlana, gure jatorriarekiko maitasuna, alaitasuna eta laguntasunatik”, laburbildu du Navarroko euskal elkarteko erreferenteak.