Venado Tuerto, Argentina. Hamar egun dira Gernikako Arbolaren kimu berri hau ari dela hazten Argentinako lurretan. Santa Fe probintziako Venado Tuertoko Lagunen Euskal Kultura euskal etxeak bertako intendentziarekin bat bideratu zuen Immigrantearen Plazan alea landatzea eta joan den uztailaren 30ean, igande goizez, egin dute zeremonia, elkarteko kide ugari eta udal agintariak partaide, euskal ekarpen eta lekukotasun hau emendatuz Venado Tuertoko leku esanguratsu honetan.
Ekitaldian udal intendente Leonel Chiarella eta Ekoizpen Garapenerako idazkari Santiago Meardia aritu ziren partaide, eta hitza hartu zuten euskal komunitateak hiriaren bizitzan eta hazkundean izan duen rola azpimarratzeko. Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak bidalitako zoriontze-gutuna ere irakurri zen.
Modesto Eguia eta Roberto Landaburu
Hitzordua Euskal Etxeko bi kide oroitu eta omentzeko ere baliatu zuten. Batetik, 37ko Bonbardaketen lekuko izadako Modesto Eguia eibartarra, duela 5 urte zendua Venado Tuerton eta elkarteko kide zena, eta bertako historialari Roberto Landaburu. Azken honek urte luzez egindako dibulgazio-lanaren aitorpena jaso zuen.
Landatutako alea Tandiletik dator eta bertako Gure Etxea euskal etxearen sostenguz garatutako “Legatua eta Ondarea - Zuhaitz Ondoan” proiektuaren kimuetako bat da. Lavalle, Azcuénaga, Aufranc eta Goumond kaleen artean kokatuta dagoen Immigrantearen Plazako 'Euskal Txokoan' landatu da, laster, euskal elkartearen laguntzarekin, eraberrituko den sektorean.