Jarduerei berrekin eta Gernikako Bonbardaketa gogoratuko du 42. Paraleloko Eskualde Andetarreko Euskal Etxeak
2017/04/21
Picassoren Guernicaz eskualde honetako Sandra Perfecto artistak egindako bertsioa, Eusko Sustraiak Euskal Etxearen aurreko ekitaldi batean Puelo Aintzirako Kultura Etxean erakutsia
PUBLIZITATEA
Zenbait urtez jarduerarik gabe eta badirudi 42. Paraleloko Eskualde Andetarreko Euskal Etxea prest dagoela berriz ere ekimenak garatzeko Rio Negro eta Chubut probintzia argentinarretako mugan, Patagonia sakonean. Ekimenetako arduradun Maria Elena Borras kontatuan jarri da EuskalKultura.com-ekin eta adierazi dio Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurrena kari, bihar bertan 'Zerurik sua dator' filma emango dutela El Bolson herrian, eta datorren astean El Hoyon, azken herri honetan ere euskara klaseak hastekotan.
El Bolsón, Argentina. Tarteka egin izan ditu jarduerak bere burua Eusko Sustraiak, 42. Paraleloko Eskualde Andetarreko Euskal Etxea deitzen duen taldeak. Azken urteotan isilik zebilen, eta EuskalKultura.com-en, 2012ko urriko Behiak filmaren emanaldi bat zen eurena, dokumentaturik, geneukan azken jarduera. Urte hartan bertan, Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurreneko ekitaldietan ere topatu genituen, Lago Pueloko Kultura Etxean euskal poesia irakurketak antolatuz, besteak beste. Bisita ere egin zien EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarrik orain bi urte t'erdi, aurrera egiteko animoak eta zenbait informazio emanez.
Ekimeneko alma materra den Maria Elena Morras-ek bere eskualdean euskal jarduerak berrabiatzeko ahalegin berria abiarazi du, eta Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurrena dela-eta, bi dei zabaldu ditu egunotarako Eusko Sustraiak 42. Paraleloko Eskualde Andetarreko Euskal Etxearen izenean. Lehenengoa gaur bertan izango da, El Bonson-go Bigarren Mendeurrena Kultura Etxean (Rio Negro probintzian), bertan Egoitz Rodriguez Oleak zuzendutako "Zerutik sua dator" dokumentala emanik.
Emanaldi bera antolatu du datorren asteko ostegunean, apirilaren 27an, El Hoyo-ko Kultura Etxean (Chubut probintzia).
Horrez gain, iragarri du zenbait pertsona interesatu direla eskualdean euskara klaseak hartzeko eta urratsak ari dela ematen hizkuntzaren autoikasketa talde bat muntatzeko lan horretan gainbegirale izan daitekeela Nuria Vilalta zinegile eta Euskal Herriko euskalduna, bertan bizi denez: hau El Hoyoko Kultura Etxearen Atzerriko Hizkuntzen Esparruarekin bat egitekotan dira.
Gogoratu behar da Paralelo 42ko eskualde andetarra Argentinako Patagonian, Rio Negro eta Chubut-eko probintzien mugan dagoen eskualdea dela, izugarri paraje politean eta leku guztietatik urrun.
Eusko Sustraiak-en emaila: esustraiak@gmail.com
"Zerutik sua dator" dokumentalaren laburpena, Egoitz Rodríguez Olea zuzendari