euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jarduera ugari Shanghaiko Euskal Etxean martxoan: Emakumeen Eguna, squash-a, laburmetraiak, Korrika...

2009/03/03

Iazko Squash Txapelketako partehartzaileak (argazkia Shanghai EE)
Iazko Squash Txapelketako partehartzaileak (argazkia Shanghai EE)

PUBLIZITATEA

Shanghaiko Euskal Etxeak, Asiako lehen eta momentuz euskal etxe bakarrak, jarduera egitarau mardula prestatu du hilabete honetarako. Hasteko, datorren igandean Emakumeen Eguna ospatuko dute eta martxoaren 14ean III. Squash Txapelketa egingo dute. Zineak ere lekua izango du, martxoaren 21ean egingo den laburmetrai emanaldiarekin. Eta egitarauari bukaera borobila emateko Korrika aurten ere Txinaraino helduko da, Shanghaiko euskaldunei esker: 27tik 29ra bitarteko asteburuan 'Korrika Txikia' egingo da Hong Kong-en.

Shanghai, Txina. Shanghaiko Euskal Etxeak jarduerez beteriko hilabetea iragarri du, elkartearen bizitza indarberritzeko helburuarekin. Ekitaldiak igande honetan hasiko dira, martxoaren 8an, Emakumeen Egunaren ospakizunarekin. Jai hau dela eta elkarteak tai-chi ikastaro berezi bat antolatu du eta elkartera gerturatzen den edonork parte hartu ahal izango du, goizeko hamaiketatik aurrera.

Elkarteak hilabete honetan izango duen beste hitzordu garrantzitsu bat bere III. Squash Txapelketa izango da, hilaren 14ean. Aurreko edizioetan arrakasta izan zuen txapelketak eta oraingoan elkarteaz kanpoko beste komunitateetako jokalariek ere parte hartu ahal izango dute. Partiduen ostean bazkaria egingo da Euskal Etxean. Txapelketa eta bazkarirako txartelak 150 RMB balio ditu. Izena emateko epea ostiralean bukatzen da.

Film laburren zirkuitua

Zinea izango da Asiako euskal etxearen beste jarduera bat, VI. Film Laburren Zirkuitua jaialdiko aurtengo laburmetraien emanaldiarekin. Zirkuitua Euskal Herrian zehar ikusgai izan den emanaldi bat da, Topaguneak antolatua, eta aurten, lehen aldiz, Txinaraino helduko da. Martxoaren 21ean izango da, larunbatean, 17:30tan hasita eta euskal etxean. Zortzi laburmetrai izango dira ikusgai guztira. Sarrera doan.

Azkenik, eta hilabeteari bukaera borobila jartzeko, Korrika aurten ere Txinaraino helduko da, Euskal Etxearen eskutik. Aurten gainera bi Korrika egingo dira: lehena Hong Kong-en egingo da, martxoaren 27tik 29ra bitarteko asteburuan. Egun horietan Hong Kong Sevens rugby txapelketa jokatzen da eta Asiako toki desberdinetako bisitariak bertara bilduko direla aprobetxatuz elkarteak 'Korrika Txiki' bat antolatu nahi du megahiriko kaleetan barna. Bigarrena Shanghaien bertan egingo da, apirileko lehen asteburuan. Hala ere, elkartetik Asiako euskal komunitateari bakoitza dagoen lekuan Korrikaren aldeko ekitaldiren bat antolatzeko gonbitea luzatzen diete, eta Shanghaiko euskaldunekin harremanetan jarriz gero, lasterketaren materiala --petoak, pegatinak, afitxak...-- bidaltzeko konpromezua hartzen dute euskal etxekoek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia