euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jarduera indartzen dabil Barilocheko Mendiko Euzko Etxea; Patagoniako lehen 'EH Ospagai' egingo du azaroaren 3an

2024/10/14

Mendiko Euzko Etxeko kideak bildu ziren gaur egungo egoera aztertzeko eta erakundearen erronka berriei nola aurre egin aztertzeko
Mendiko Euzko Etxeko kideak bildu ziren gaur egungo egoera aztertzeko eta erakundearen erronka berriei nola aurre egin aztertzeko

PUBLIZITATEA

Bariloche, Argentina. Duela ia urtebete ari da lanean Barilocheko Mendiko Euzko Etxeko Zuzendaritza Batzorde berritua erakundeari bultzada berri bat ematea xede. Bazkide eta zuzendariek, Facundo Galván lehendakaria buru, bilera bat egin zuten Las Chacras auzoko egoitzan, Euskal Etxearen egungo egoeraren berri eman, iritziak eta ideiak trukatu, eta abian dauden zein etorkizunean landu nahi dituzten proiektuak ebaluatzeko, horien artean berrikuntzak eraikinean. Etapa berrian erakundearen agerikotasuna suspertu nahi dute eta erakargarriago bilakatu Bariloche eta eskualdeko herritarrentzat.

Sabaia atondu dute eta eraikineko arazo batzuk konpondu, beste obra batzuk geratzen dira; gogoetan ari dira bazkideen partaidetza eta heiekiko komunikazioa hobetzearren

Zuzendariek ezagutzera emandako berrien artean egoitzan egindako lanak daude. Lokalaren sabaia osoa berritu dute, eta iragazketa-arazoak konpondu. Beste obra batzuk geratzen dira egiteke. Horiek konpontzeak aukera emango lieke udal gaikuntzarekin aurrera egin eta, ondorioz, aretoa errentatu ahal izatea bertan ikastaroak, tailerrak eta bestelako ekitaldiak egiteko, baliabide berriak ekarriz elkarteari eta, aldi berean, bere izenaren/izanaren propaganda eginez hiriko eta inguruko bizilagunen artean.

Patagoniako gainontzeko euskal etxeekiko lankidetza ildoa eta lehenago egiten ziren elkarretaratze eta ekitaldi bateratuak berreskuratzea planteatzen dute

Euskal Etxekoak begi onez ikusiko lukete, bestalde, Patagoniako gainerako euskal etxeekin lotura estutu eta lehenago egin izan zituzten aurrez aurreko elkarretaratze eta topaketak berreskuratzea. “Gehiago estutu beharko genituzke bazkideekiko harremanak, eurengana zuzenean jo beharko genuke elkarteko planak aurreratuz eta berrien partaide eginez, guztion arteko loturak suspertuz, euskal etxe bizia izateko ametsa denon zeregina baita», azaldu dio EuskalKultura.eus-i EEko idazkari Cintia Callabak.

Ohiko Gizataldeen Festa bertan behera geratu denez, Euskal Etxeak hitzordu berri bat antolatu du, azaroaren 3an, igandez, euskal janari eta ikuskizunekin, eta garagardo artisauaz

Aurten Gizataldeen Jaia ez egitea erabaki du Barilocheko Gizataldeen Lagunen Elkarteak. Hitzordu garrantzitsua izan da urtero Mendiko Euzko Etxearentzat, bere bertako stand gastronomiko eta kulturala eta dantzari taldeen emanaldiak medio elkartearen lan eta presentzia azaleratu eta jendaurretzeko. Egoera berriaren aurrean, EEko kideak aukerak bilatzen hasi ziren. Eta proposamen berri bat gauzatuko dute Dina Huapiko garagardotegi batekin akordioa eginik. Ondorioz, azaroaren 3an, igande eguerdian, Lowther garagardotegiko instalazioetan, “Lowther-ek Euskal Herria ospagai” izeneko festa handia ospatuko dute. Joko eta jolasak eta euskal dantza eta sukaldaritza eskainiko dituzte, artisau garagardo gustagarria lagun. Hori du Euskal Etxeak hurrengo hitzordua, ilusio handiz prestatzen ari dena. Aurrera, Mendiko!

[Giza akats bat tarteko albiste honen lehenengo edizioan, titularrean (ez testuan barruan, hor ondo zegoen) “Lowther-ek Euskal Herria ospagai” festa azaroaren 1ean izango zela argitaratu genuen, eta ez 3an egiazki den bezala. Barkatu nahastu izana. Mila esker adierazi diguzuenoi]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia