Mendoza, Argentina. Datorren larunbatean, azaroak 5, Mendozako Denak Batek arbasoen txerri estekiei buruzko tailer teoriko-praktikoa eskeiniko du "Lukainka eta Lukainka berria" izenpean. Jarduerak lau orduko iraupena izango du eta munduko txistorraren familiako ekoizpenen zale eta euskal etxeko lagun handia den Diego Cornejok gidatuko du. Tailerraren ostean, parte hartutakoak bazkari batera bilduko dira, beraiek egindako lukainka dastatu eta honela topaketa berezi honi bukaera ezin egokiagoa ematearren.
Urte hasieratik hasi zen Euskal Etxea pandemia aurreko bere ohiko dinamika berreskuratzen. Jarduera tradizionalei berrekin die, hala nola euskara klaseei, “Zinema eta pintxoak” hileroko zikloari, muslarien asteroko bilerei, Euskal Herritik bisita ugari jaso ditu eta, gainera, dagoeneko bere fruituak erakusten hasia den musika arloko proiektu berri batekin animatu da.
“Gure Kanta” abesbatza bere aurkezpenean Mendoza hiriko Plaza Teatroan
Sortu berri duten “Gure Kanta” abesbatzaren aurkezpen ofizialeko emanaldia pozgarria izan zen oso Mendozako Denak Bat euskal etxeko kideentzat. Taldeak urriaren 20an, Godoy Cruzeko Plaza Teatroan "Marita Iervolino" topaketan hartu zuen parte, lau hilabete eskaseko lanaren ostean. Adrián Darío Rodríguez maisuaren zuzendaritzapean, euskarazko eta gaztelaniazko kantak abestu zituzten, gizatalde euskal-mendozatarrari harrotasuna eta emozioa eraginez. Zorionak, Mendoza!
Mendozako Denak Batekin harremanetan jartzeko:
Facebook: CentroVascoMendoza
IG: centrovascomendoza
Eta lukainka Tailerrean apuntatzeko, hona telefono zenbakia: 54-9261 6598550