euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Japoniako kulturak hartuko du Bilbo asteburuan Nazioarteko Japoniar Jaialdiaren II. edizioan

2010/11/12

2010eko Nihon Jaiaren afixa
2010eko Nihon Jaiaren afixa

PUBLIZITATEA

'Nihon Jaia' izeneko Nazioarteko Japoniar Jaialdiak ateak irekiko ditu bihar Bilbao Arena pabilioian, asteburuan zehar Euskal Herri osoko bisitariei japoniar kulturara hurbiltzeko beta emanez. Jaialdiaren bigarren edizioa da hau, iazkoak izan zuen harrera onaren ostean. Bertara inguratzen diren bisitariek ekitaldi eta jarduera egitarau zabalaz gozatu ahal izango dute: ikebana, tearen zeremonia, Noh antzerkia, arte martzialak, gastronomia eta gaur egungo Japoniako moda berrien eta sofistikatuenak: manga, anime, bideojolasak eta cosplay, besteak beste.

Bilbo, Bizkaia. Asteburu honetan Japoniako kulturak Bilbao Arena Kirol Pabilioia hartuko du, 'Nihon Jaia'ren bigarren edizioa dela eta. Jaialdiaren antolatzaileak Ekizar erakundea osatzen duten elkarteak izan dira, denak herrialde hartako kulturari oso lotuak: EuskadiAsia, Tarasu Elkartea, Espacio Zen Contemporáneo, Club BlackDragon eta Bizkaiko Bonsái Elkartea. Kolaboratzaile dira Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, Casa Asia eta Japan International Foundation erakundeekin batera.

Antolatzaileek azaldu dutenez jaialdiak "gutxinaka-gutxinaka hazten joateko" xedea du eta etorkizunean "Europa mailan japoniar munduari buruzko jaialdi garrantzitsuena" bihurtuko denaren itxaropena agertu dute.

Tradiziotik erabateko modernitatera

Jaialdiak bost ardatzen inguruan bildutako ekitaldiak izango ditu. Lehena, arte tradizionala izango da (ikebana, bonsai erakusketa, tearen zeremonia...) eta bigarrena, arte eszenikoei eskainiko diote (Koto kontzertua, Butoh dantza, Noh antzerkia...). Beste ardatz bat arte martzialak izango dira, japoniar maisuek zuzenduriko erakustaldiekin: kendo, kyudo, karate, Iaido, eta abar.

Beste ardatz bat gastronomia izango da. Jaialdian Tetsuo Takenaka sukaldari ospetsua izango da, Kiotio eskola tradizionaleko kidea, erakustaldiak egiten, Japonian izandako hainbat euskal sukaldariekin batera: Aitor Elizegi, Aitor Basabe eta Ricardo Pérez, besteak beste.

Azkenik, ezin ahaztu gaur egungo Japoniako moda eta joera modernoenak: manga, anime,  lolita moda, bideojolasak, cosplay eta abar. 

Enpresa topaketak Alhondigan

Jaialdiaren atariko bezala gaur bertan Japoniari buruzko enpresa-topaketa bat egingo da Alhondiga eraikinean. Topaketa honen helburua euskal enpresei Japoniako ekonomia egituraren eta merkatu honetan dauden aukeren berri ematea da. 

Horrez gain Bilboko Arte Ederretako Museoak japoniar arteari buruzko erakusketa, Jose Palacio bildumako 150 lanek osatua, inauguratuko du gaur. Erakusketa azaroaren 28a arte bisitatu ahal izango da.

Informazio gehiago

-Jaialdiaren webgune ofizialean: www.nihonjaia.es
-Jaialdia Facebook-en: www.facebook.com/NihonJaia



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia