euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Japoniako euskaldun batek bertako berri kontatzen du Txapela buruan eta... Japoniatik albiste kaskarrak blogean

2007/03/02

Kota-Chan, 'Txapela buruan eta... Japoniatik albiste kaskarrak' blogaren egilearen semea, aitaren azken post-aren protagonista izan zen
Kota-Chan, 'Txapela buruan eta... Japoniatik albiste kaskarrak' blogaren egilearen semea, aitaren azken post-aren protagonista izan zen

PUBLIZITATEA

Japoniako tradizioak eta kultura ezagutu nahi dutenek badute non begiratu. Lekesan bezala sinatzen duen euskaldun batek Japoniako eguneroko istorio bitxiak kontatzen ditu Txapela buruan eta... Japoniatik albiste kaskarrak izeneko blogean. 2006ko azaroan jarri zuen abian eta harrez gero hamaika pasadizo agertu dira bertan: Japoniako etxeen berezitasunak, moda-modan dauden marrazki bizidunak edo bertako arte eta kulturari buruzko informazioa. Istorioen artean, hauxe: japoniar telebistan euskal musika entzuten da sarri, Alaitz eta Maider trikitilarien abestiek girotzen baitute egunero emititzen duten sukaldaritza saio bat.
Japoniar batekin ezkonduta dago Lekesan, Txapela buruan eta... Japoniatik albiste kaskarrak blogaren egilea, eta aspalditik herri hartan bizi delarik, bere esperientziak eta japoniar kulturaren berezitasunak interneteko egunkari honetan argitaratzea erabaki du, Sustatu.com-ek aste honetan bertan azaltzen zuenez. 2006ko azaroan jarri zuen abian bloga eta urte osoa darama Japoniari buruzko jakingarriak kontatzen, telebistako dokumentaletan kontatzen ez diren horietakoak. Esaterako, bloga bisitatzen dutenek bere etxean duen konketadun komun elektroniko zinez berezia edota bainuontzi-dutxa-sauna ezagutu ahal izango dute. Blogaren egileak Kota-Chan bere semearen argazkiak, Japoniako haurren azken heroien abesti famatuak edota sumoaren nondik-norakoak kontatzen ditu bertan.

Urte osoan informazioa bilatzearen bilatzeaz kontu bitxiak ezagutzera heldu da, hala nola, Alaitz eta Maider euskaldunen musikak girotzen duen Japoniako sukaldaritza programa. 'Nork esango du orain euskara ez dela internazionala?, galdetzen du Lekesanek. Kuriositate hauez gain, blogean beste gai ugari ere lantzen ditu egileak. Argazki, abesti eta minidokumentalen bidez Lekesanek Japoniako ohiturak ezagutzera ematen ditu, hala nola Tokyoko Museoa eta Kawasakiko Tenplu Budistaren irudiak edota hiri handietako etxe-orratz eta eraikin tradizionalen artekoen kontrastea.


Lotura interesgarriak

Txapela buruan eta... Japoniatik albiste kaskarrak bloga
http://lekesan.wordpress.com

Sustatu.com
www.sustatu.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia