euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Japonia eta Filipinetako Unibertsitateetan ere zabalduko dira Euskara eta Euskal Kultura lektoretzak

2008/01/25

Patxi Baztarrika Kultura sailburuordea
Patxi Baztarrika Kultura sailburuordea

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko ordezkaritza bat asteburu honetan abiatuko da bi herrialdeotara, bertako unibertsitateetan Euskara eta Euskal Kultura lektoretzak zabaltzeko posibilitateak aztertzeko. Horiekin, Asia eremura hedatuko litzateke egun Europa eta Ameriketako 12 herrialdetako zentroak biltzen dituen programa. Bidaian bisitatuko diren erakundeen artean Waseda Unibertsitatea dago --Euskara eskolak ematen dira jadanik bertan-- eta Sofiakoa, Tokion; Kansas Gaidai, Osakan; eta Kobeko Unibertsitatea, hauek guztiak Japonian; eta Filipinetan, Ateneo de Manila Unibertsitatea eta Nueva Vizcayako Estatuarena.
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Lorea Bilbao Hizkuntza Politikarako aholkularia eta lektoretza programaren arduraduna bisitaldia egingo dute Japoniara eta Filipinetara asteburu honetatik hasita otsailaren 2ra arte, bi herrialdeetako zenbait Unibertsitateetan irakurle-programak abian jartzeko aukera aztertzeko, Jaurlaritzak berak plazaratutako prentsa ohar batean adierazten denez.

Izan ere, joan den udazkenean, Japonia eta Filipinetako zenbait unibertsitatetako ordezkariek bisitatu zuten Euskadi, aipatu lektoretzak beren zentroetan abiarazteko interesa agertuz. Batean zein bestean irakurle-programarik sortuko balitz, lehenbizikoa litzateke Asian, beti ere Etxepare Euskal Institutuaren sorrerari begira hainbat oinarri ezarriz. 2008ko datozen hilabeetan bere ibilbideari ekin beharko kiokeen Etxepare Euskal Institutuaren xedea Euskara eta Euskal Kultura mundura hedatzea eta orokorrean atzerrira euskal kultura zabaltzea izango da eta bere baitan hartuko ditu orain arte Jaurlaritzak garatu izan dituen lanak, hizkuntza nahiz kultura arloan.

Wasedan, Hiromi Yoshida ari da dagoeneko euskara ematen

Hala, Hizkuntza Politikako ordezkaritzak burutuko duen bidaia trinkoa eta mamitsua izango da: lehenik Japonian, Tokion, hain zuzen, non bilerak izango dituzten Waseda --euskarazko klaseak badira egun ere, Hiromi Yoshidak emanak, aurtengo ikasturtean 30 ikasle rekin-- eta Sofiako Unibertsitateetako hizkuntza departamenduetako ordezkariekin; baita Osakako Kansas Gaidai-n ere, eta, azkenik, Kobe-ko Unibertsitatean.

Ondoren, urtarrilaren 31n euskal ordezkaritza Filipinetara abiatuko da Manilako Ateneo Uniberstitate eta Nueva Vizcaya Estatuko Unibertsitateko arduradunekin bilera edukitzeko. Filipinetara egingo duten bidaia honek, bestalde, esanahi berezia du, historikoki harreman sendo eta berezia izan baitute Euskal Herriak eta herrialde honek, Nueva Vizcaya izeneko probintzia bera izanik horren adierazleetako bat. Bertako gobernadorearekin ere bilera izango du sailburuordeak, bidaiaren amaiera aldera.

Euskara eta Euskal Kultura munduko unibertsitateetan

Euskaditik kanpoko hainbat unibertsitaterekin Euskara eta Euskal Kultura irakasteko lektoretzak sortzeko proiektua duela hiru urte jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Horretarako hitzarmenak, beren irakas-programa ofizialetan --eta aitortza akademiko osoa emanez-- Euskara eta Euskal Kultura eskolak eskaintzeko interesa duten unibertsitateekin sinatzen dira. 2007-2008 ikasturtean, Europa eta Ameriketako 12 herrialdetako 24 unibertsitatetan ari dira irakasten Euskara eta Euskal Kultura, denetara 700 ikasle ingururekin.


LOTURA INTERESGARRIAK

Goihata euskal enpresa eta bere euskara-japoniera hiztegia
2008ko urtarrilaren 24ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Filipinetako Macapagal presidentea Euskal Herrian
2007ko azaroaren 27an EuskalKultura.com-en argitara emana

Arrakastatsu bukatu da Kobe-EHU euskal-japoniar mintegia
2007ko irailaren 25ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskal-filipinar harreman historikoak indartu nahiean
2007ko uztailaren 20an EuskalKultura.com-en argitara emana

Davao hiri filipinarra, Jose Oyangurenek 1848an sortua
2007ko ekainaren 29an EuskalKultura.com-en argitara emana

UPV-EHUk eta hiru unibertsitate filipinarrek akordioa sinatu
2007ko maiatzaren 29an EuskalKultura.com-en argitara emana

Japonian bizi den euskaldun baten bloga
2007ko martxoaren 2an EuskalKultura.com-en argitara emana

Berri Txarrak Taldeak Japonian hasi du bere bira berria
2007ko otsailaren 21ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia