euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Jantzi zeuk ere txapela!', Bartzelonako Euskal Etxeak 500 bazkidetara heltzeko kanpaina abiarazi du

2011/09/07

Elkarteko hiru bazkide kanpainaren kartelean, txapela buruan (argazkia BartzelonaEE)
Elkarteko hiru bazkide kanpainaren kartelean, txapela buruan (argazkia BartzelonaEE)

PUBLIZITATEA

Bartzelonako Euskal Etxeak 500 bazkideren marka hautsi nahi du eta asmo horrekin 'Posa't la txapela tu també' (jantzi zeuk ere txapela) izeneko kanpaina hasi du. Helburu bikoitza du ekimenak: batetik, ekonomikoa, bazkideak baitira elkartearen sostengu garrantzitsuenetako bat; eta bestetik, jendeari elkartera gerturatzeko eta bertan parte hartzeko gonbitea luzatzea. Gaur bertan irekiko ditu ateak Euskal Etxeak, kurtso berriari hasiera emanez, eta igandean egingo den Diadari begira politika eta ekonomia jorratzen dituzten ekitaldiak ari dira egiten astean zehar.

Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako Euskal Etxeak 400 bazkide ditu gaur egun eta elkarteak beste 100 lagun bildu nahi ditu aurten, 500eko marka hori gainditzeko. Hori dela eta Posa't la txapela tu també izeneko kanpaina-ri ekingo dio udazkenean, euskal kulturara hurbildu nahi duten guztiei elkartean parte hartzeko gonbitea zabalduz.

Kanpainaren arrazoietako bat ekonomikoa da, Euskal Etxeko arduradunek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez. "Elkartearen diru iturri nagusiak bazkideak, jatetxea eta dirulaguntzak dira. Diru iturri horietako bat sendotze aldera egin dugu kanpaina, menpekotasun ekonomikoa saihesteko asmoz", azaldu digu euskal etxeko koordinatzaile den Aitor Arruti zarauztarrak. "Baina asmoa ez da bakarrik ekonomikoa, izan ere, aldi berean jende gehiago gerturatzea eta elkartean parte hartzea lortu nahi dugu". 

Beherapenak bazkideentzat

Elkarteko bazkideek hilean 12 euro ordaintzen dute, familiek (gurasoak eta 18 urtera arteko seme-alabak barne) 18 euro hilean, eta kuota berezi bat dago ikasle, langabetu eta erretiratuentzako (6 euro hilean). "Bazkideen ahaleginari esker egiten dugu aurrera eta lortzen dugu EH Sona, Zinemaldia, EH a la taula, asteroko ekimenak, euskara ikastaroak, dantza, txalaparta tailerrak, Literaldia eta abar luze bat egin ahal izatea", azpimarratzen dute elkartetik. Bazkideek sarrera doan izaten dute hainbat ekitaldietan eta, horrez gain, beherapenak izaten dituzte ikastaroetan (euskara kurtsoetan bereziki), kontzertuetan, bazkarietan... Bazkide egiteko aski da orri hau bete eta euskal etxeari helaraztea.

Bazkideen profila askotarikoa da Bartzelonako Euskal Etxean, eta Arrutik azaltzen duenez bi talde nagusi daude: "batetik, euskal etxea sortu zutenak, aspalditik hemen bizi direnak: eta, bestetik, euskara ikasleak. Talde hau nahikoa handia da". Elkartean badira euskaldunak, katalanak, italiarrak, finlandiarrak, frantsesak... "Izan ere, euskal kultura maite duen edonork dauka tokia hemen. Elkarte gazte eta dinamikoa da, baina arreta berezia jartzen dugu adin eta interes talde bakoitzari zuzenduriko ekitaldiak antolatzeko orduan". Elkartearen iraileko agenda, hemen.

Bartzelonako Euskal Etxea
Placeta Montcada 1-3 Entrada per Arc de Sant Vicenç (BORN)
Telefonoa: 93.310.22.00 (jatetxea 933102185)
Faxa: 93.268.40.80
www.euskaletxeak.org / www.euskaletxea.cat
Emaila:
barcelona@euskaletxeak.org



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia