Rosario, Argentina. 1985etik hona ohi duen moduan, hiriko Nafarroako Etxea partaide izan da aurten ere, mota honetako Argentinako elkarretaratze handiena den Rosarioko Gizataldeen Jai Nazionalean. Azaroaren 11tik 20ra, Rosarioko Banderaren Parke Nazional enblematikoa munduko kulturak eta sukaldaritza erakusteko toki aparta bihurtu zen. 1.240.000 lagunetik gora, bertakoak zein turistak barne, inguratu ziren jai-esparru eta ekitaldietara 51 gizatalderen izenean aurkeztutako plater tipikoez eta dantza tradizionalez gozatzera.
Ekimena sortu zuten erakunde aitzindarietakoa da Rosarioko Nafar Etxea, eta plater tipikoen eskaintza anitza erakutsi zuen bere stand gastronomikoan, tartean urdaiazpiko eta txahalki ogitartekoak, paella, txipiroi-eraztunak, tortilla, arrain enpanadak eta, edarien artean, 'zurrakapote' klasikoa. Horrez gain, kontzientzia ekologikoa sortzeko asmoz, plastikozko edalontzien erabilera murriztea helburu duen ekimenarekin bat eginez, edalontzi berrerabilgarri bat diseinatu zuten festarako, Nafarroako armarriaren irudiarekin.
Dantza da, ehun urtetik gora dituen Rosarioko erakunde nafarrak topaketan jendaurretzen duen kultur adierazpen nagusietako bat. Azaroaren18a izan zen 2022ko egitarauan egunik garrantzitsuena dantzari eta dantzazaleentzat, Nafar Etxetik EuskalKultura.eus-i azpimarratu diotenez, etxeko taldeek bi aurkezpen egin baitzituzten jaiguneko Agertoki Nagusian. Arratsaldean, umeen taldearen txanda izan zen, eta gauean, bi taldeek, helduenak eta txikienak, batera eskaini zuten nafar dantza hautuen ikuskizuna.