Donostia-San Sebastian. COVID-19ak eta honek ekarritako konfinamendu garaiak guztia baldintzatu duen honetan, euskara ikasi eta praktikatu nahi zuten euskaldun batzuk egoera baliatu eta urrats berriak eman dituzte azkeneko urtebete pase honetan, sare sozialak tarteko euskaldunen arteko mintza-saioak bultzatuz. Martxan jarritako ekimen horietako bat Jalgi Hadi Mundura elkarte birtuala izan da eta urtebete beteko duela-eta, hori ospatzeko, apirilaren 3an mintzodromo birtual eta ireki berezi bat iragarri dute. Euren lana ezagutu nahi?
Astean bitan, astearte eta larunbatetan, elkartzen dira. Partaideak mundu osoan zehar dituzte. Elkartea guztiz irekia da eta parte hartzea konpromisorik gabekoa: ahal edo nahi duzunean hartzen duzu parte. Izan ere, urtebete honetan 80 pertsonek baino gehiagok parte hartu izan dute eta bide berrari jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute.
Apirilaren 3ko mintzodromoan parte hartzeko, apirilaren 2a baino lehen, hurrengo helbidera idatzi behar da, asmoa adieraziz: jalgihadimundura@gmail.com.
- Hau da euren bloga:: jalgihadimundura.blogspot.com