euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaione Arrieta: "Emakume Eguna ari dira antolatzen Mexikoko Euskal Etxeak: merezi dugu"

2015/10/15

Jaione Arrieta Galarraga mexikarrak, VascosMexico zerrendaren sortzaileak, bisita laburra egin du egunotan Euskal Herrira (argazkia EuskalKultura.com)
Jaione Arrieta Galarraga mexikarrak, VascosMexico zerrendaren sortzaileak, bisita laburra egin du egunotan Euskal Herrira (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Bere bihotz 'txilangoa'ren taupadak azkarrak bilakazen dira Euskal Herrira 'itzultzen' denean. Mexikon, guraso eta aitona-amona eibartarrak zituela jaioa, Jaione Arrieta Galarraga VascosMexico zerrenda eta webgunearen sortzaile eta koordinatzaile da interneten, duela 13 urte. Aste honetan EuskalKultura.com-en Donostiako bulegoa bisitatu du. Garaiz itzuliko da Mexiko hiriburura, lehenengoz Emakume Eguna prestatzen ari baita bertako Euskal Etxea azaroaren 28rako.

Joseba Etxarri. Baziren hamar urte ez zela etortzen Jaione Euskal Herrira. Orduan ere berarekin bildu ginen. Oraingoan ama eta ahizparekin etorri da. Aurreko hamarkadan, baina, 2003an egin zuen mende honetako bere lehenengo bidaia berezia izan zuen, aitaren errautsak Euskadiko haizeetara zabaltzera etorri baitzen, hura baitzen Felix Arrieta Etxeberria eibartar gotorraren nahia. Izan ere, aita Euskal Herrira bere familia osoarekin, emazte, seme-alaba eta bilobekin abiatu baino bi aste lehenago hil zen, tupustean, eta bidaia hura egin egin zen, baina aitaren errautsak Arraten aireratzeko. Egun gutxirako etorria, ez du Jaionek  batere ezkutatzen Eibar taldearen kirol arloko arrakastak eragiten dion poza eta bozkarioa azaleratzen du euskal paisaiak ikuste soilarekin. Interneteko VascosMexico zerrenda, bere aita hil eta berehala sortu zuela dio, euskal loturak hurrerago eukitzeko. Sentimentuz mexikar eta euskaldun, lauburua darama lepotik dilindan eta Queretaron bizi da gaur egun, hiriburutik 200 bat kilometrotara eta Antolaketa-Psikologia ikasi bazuen ere, higiezinen alorrean ari da lanean. "Mexikon etxebizitza erosi nahi baduzue, badakizue zuen esanetara nauzuela", diosu ohi duen irribarrea ezpainetan.

Mexiko euskaldun askoren babesleku izan zen 1936ko gerlaren ondotik. Abegikortasun hura gogoan, Eusko Jaurlaritzak Lagun Onari domina eman zion 2009an Mexikori. Zure aitona-amonak garai hartan iritsi ziren Mexikora.

-Amaren aldeko familia, aitona-amonak, Galarragatarrak, 1939an heldu ziren Mexikora, nire amak 8 urte zeuzkala. Aitxitxa errepublikarra zen eta bere anaia Jacinto Galarraga Acha Errepublika Eibarren aldarrikatu zutenetakoa izan zen; nire aitona ere Gerra Industria zuzendaria izandakoa zen eta ihes egin behar izan zuten. Ama Mexikon hazi eta Kimika karrera bukatu zuenean, ez zuen Euskadi ezagutzen, zortzi urte zituela aterea baitzen, eta bere gurasoek erabaki zuten 1954an autoa hartu, New Yorkeraino joan, han ontzia hartu Rotterdan-eraino eta handik mugaraino etortzea, hortik aurrera aitak ezin baitzuen pasatu Francoren erregimena zela-eta. Bere familia Hendaiaraino hurreratu zen eta horrela ikusi zuten elkar. Handik gutxira bera Mexikora itzuli zen eta nire ama eta amama Eibarren gelditu ziren beste sei hilabete. Eta han, Unzaga Plazako kafetegi batean ezagutu zuen amak aita. Gero ama Mexikora itzuli eta aitak segitu egin zion eta honela iritsi zen aita 1955an, 28 urte zituela, Mexikora. Han amarekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituzten: Aitor, Asier, Nerea eta neroni, Jaione, bigarrena.

Mexikon jaioak baina euskal gauzekin harreman estuan haziak. Zuen izenei erreparatzea besterik ez dago.

-Hala da. Txikitatik ibili ginen Euskal Etxean, guraso eta aitona-amonak han ibiltzen ziren. Euren artean euskaraz egiten zuten berba eta neroni 15 edo 16 urteak arte dantzari ibili nintzen. Euskadira 1970an etorri nintzen lehenengo aldiz eta urte askotan udan etortzen ginen. Harremana familiarekin eta lagunekin hor egon da beti. Gero, bistan da, Euskal Etxean, norberaren bizitzaren arabera, sartu-irtenak izan dira, esaterako ezkondu nintzenean, baina gero, dibortziatu ondoren, berriz euskaletxeratu nintzen.

2003an posta-zerrenda bat sortu zenuen sarean, VascosMexico, gaur egun ere erreferentzia dena interneteko Mexikoko euskal munduan.

-Behar bati erantzunez sortu zen. Mexiko herrialde handia da oso. Pentsa ezazu Euskal Herri osoa Hidalgo estatuan sartzen dela, edo Iberiar Penintsula osoa Chihuahuakoan, eta Mexikok 32 estatu dauzka. Komunikazioak, elkarren berri izatea, ez zen erraza eta jendea etortzen zen hiriburuko Euskal Etxera igoal jakin gabe ordurik edo zer zegoen martxan, ez zegoen komunikabide arinik gauzak behar bezala heda arazteko. Beraz, hasi eta berehala erreferentzialak bilakatu ginen. Abiatzea, gainera, Ibarretxe lehendakariak Mexikora egin zuen bisitarekin kointziditu zuen eta Euskadiren Mexikoko Ordezkaritzaren irekierarekin. Hori izan zen, izan ere, gure partaidetza izan zuen lehenengo ekitaldia. Bertaratu, argazkiak egiten hasi eta gertatzen zena komentatu eta kronikak egiten hasi  nintzen. Jendeari asko gustatu zitzaion eta arrakasta itzela lortu zuen. Urtetan ibili nintzen gertatzen ziren euskal ekitaldi guztien kronika egiten. Gero, Mexiko DFtik Queretarora bizitzera pasatu nintzenean gauzak aldatu ziren, baina esan dezaket gaur egun ia hogei mila argazkiko fondoa daukagula, milatik gora direla web gunean izena emandakoak eta laurehun bat posta zerrendako kideak.

Euskal Etxeko lehendakariorde ere izan ziren, Miren Aguirre lehendakari.

-Lagun onak gara eta Mireni lehendakari izatea proposatu ziotenean, berak lankide izatea proposatu eta honela bilakatu ginen lehendakari bera eta lehendakariorde ni. Egiari zor, oso garai polita izan zen, jarduera eta lan askokoa, baina bizia eta emankorra baita ere.

Euskal gazte asko daude Mexikon lanean gaur egun, eta euskal enpresak.

-Bai, baina ez zait iruditzen Euskal Etxera gehiegi hurbiltzen direnik. Batetik, denbora mugatu baterako datoz eta nahiago izaten dute Mexikon murgiltzea eta, bestetik, esango nuke hemen bikotea hartzen dutenen kasuan, emakume mexikarrak asko jotzen dutela mexikar modu eta kulturara eta seguruenik euren seme-alabak ere errazago jotzen dutela soilik Mexiko aldera. Jakina, bestalde, badaudela euskal elkarretaratze eta festa finkatu eta sendotuak, esaterako urtarrilean Danborrada, mexikar askoren gustukoa dena, eta egun euskal etxeko beste ohiko festa batzuk baino, esaterako San Inazio edo Aberri Eguna, jende gehiago biltzen dutenak. Baztan Egunak ere jende asko biltzen du, asko baitira Euskal Etxearen baitan baztandar eta nafar bazkideak.

Emakume Eguna ari zarete prestatzen orain.

-Azaroaren 28an izango da, larunbata, eta emakumeek bakarrik parte hartuko duten ekitaldi bat izango da, bazkaria eta egunpasa. Euskal Etxetik pasatu diren emakume guztiak daude gonbidatuta. Emakumeok omenaldi txiki hau merezi dugula uste dut. Itxaropen Palacios, Itziar Urquiola eta Miren Aguirre ari dira antolatzen eta gauza ederra izango da. Ilusio handiz hartu dugu, lehenengoa izango baita. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia