Euskal partaidetza handia izan du aurtengo Azulgo Gizataldeen Jaiak. Izan ere, hiriko euskal etxeko kideekin batera Las Floresko Loretako Euskaldunak euskal etxekoek ere hartu zuten parte kolektibitateen omenezko egindako ekitaldian. Dantza ikuskizunean, baserritar jantziak luzitu zituzten lehen aldiz ‘Arima Gazte’ talde azuldarreko dantzariek.
Azul, Argentina. Udal Gobernuak, Kultur eta Hezkuntza Idazkaritzak eta Azul partiduko kolektibitate antolatuek deiturik, Gizataldeen XIX. Jaialdia egin zen azaroaren 23an hiriko San Martin Plazan. Ekitaldia iluntzeko 7etan hasi zen sukaldaritza txosnen irekitzearekin batera eta gauerdi arte luzatu janari tipikoen salmenta, kolektibitateen desfilea eta dantza eta musika ikuskizunak batu zituen programa batekin.
Berri honekin batera, Azulgo euskal etxeak jakinarazi digu Sofía Palermo dantzariaren eskutik sortutako ‘Arima Gazte’ dantza taldeak joan den urrian izan zuela bere debuta Aniztasunaren Errespetu Eguneko hiriko zeremonian. Lehenengo emanaldi horretan Zazpi Jauzi dantzatu zuten dantzariek. Taldeko zuzendariari dagokionez, euskal etxetik azpimarratzen dute Sofía Palermo Gaztemundu programaren aurtengo edizioan hartu duela parte, joan den uztailean.
Ekintzekin jarraituz, abenduaren 3an bertan bi proposamenekin ospatuko du Azulgo Gure Txokoak Euskararen Nazioarteko Eguna; alde batetik, umeentzako aktibitate batera gonbidatuko ditu hiriko haurtzaindegi bateko umeak; bestetik, euskal etxeko kaleko dendei izenak euskaraz jarriko dizkio.