euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaio berria den Argentinako Los Toldos herriko Oroimenez Euskal Etxeak San Tomas eguna ospatuko du

2012/12/11

Los Toldos herriko Oroimenez euskal etxearen ikurra
Los Toldos herriko Oroimenez euskal etxearen ikurra

PUBLIZITATEA

Azaroaren 29an osatu zen Buenos Aires probintziako Los Toldos-eko euskal etxearen lehenengo Zuzendaritza Batzordea. Euskaldunak eta euskaldunen ondorengoak biltzen dituen taldeak, ordea, bolada bat zeraman lanean eta euskal gizataldearen partaidetza bermatu zuen herriko Kolektibitateen Jaian, 2011ko eta 2012ko edizioetan. Orain, beste urrats bat eman dute erakundeko bultzatzaileek euskal etxearen erroak ezarriz. Zuzendaritza Batzordeak lehenengo bilera egin zuen eta Izaera Juridikoa bideratzeaz gain, hamaika proiektu aurkeztu zituen etorkizun hurbilerako, tartean, Santo Tomas eguneko ospakizuna, Olentzeroren bisita eta euskara eta dantza klaseak, batzuk aipatzearren.

Los Toldos, Argentina. Hiriburutik 300 kilometrora, Los Toldos hiria Gral. Viamonte partiduko burua da. Buenos Aires probintziako beste hainbat herri bezala, immigrazio euskaldunaren eragina jaso zuen konkistaren garaitik XX. mendearen hasiera arte. Beraz, ez da harritzekoa egun hauetan bertatik heldu zaigun berria: ‘Oroimenez’ izenarekin, euskal etxea sortu dutela Los Toldos-en. Azaroaren amaieran jaio da eta jaio bezain laster, hautatu berria duen Zuzendaritza Batzordeak abendurako eta datorren urterako proiektu anitz aurkeztu ditu.

Dena den, euskal etxearen egoera formalizatu zuten lagunak lehenagotik hasiak ziren inguru honetan Euskal Herriko kultura zabaltzen. Aurreko urtean bezala, 2012 honetan ere hartu zuten parte Oroimenez Euskal Etxeko kideek Los Toldoseko Gizataldeen Jaian. Elkarri Laguntzeko Italiar Elkarteak antolaturik, azaroaren 11an egin zen festa eta jaiaren gunean standa muntatu zuten euskal kolektibitateen ordezkariek. Bertan ardoa, pintxoak eta herriko ‘Euskalherria’ izeneko enpresaren txerri produktuak eskaini zitzaizkien txosnatik pasatu ziren bostehun bat lagunei. Jaiaren baitan, neska talde batek ‘Arkudantza’ dantzatu zuen antzokiko emanaldian. “Dantza ikuskizuna oso erakargarria iruditu zitzaion publikoari. Eta zorion agurrak jaso genituen publikoaren eta baita Italiar Elkarteko lagunen partetik”, adierazi diote EuskalKultura.com-i Oroimenez-eko kideek.

Sorrera ofiziala

Lagunen taldearen egoera azaroaren 29an formalizatu zen, biltzarrarekin batera. Hogeita hemezortzi kide elkartu ziren herriko Jubilatuen Etxean Sorrerako Agiria idatzi eta erakundearen lehenengo Zuzendaritza Batzordea hautatzeko. Karguak izendatu bezain pronto, agintarien lehenengo urratsak Izaera Juridikoa bideratzea, erakundearen estatutua onartzea eta kideen kuota adostea izan dira.

Bertatik adierazi digutenez, honela geratu da osatua Zuzendaritza Batzordea:

-Lehendakari: Raul Anibal Iparragirre
-Lehendakariorde: Nora Isabel Etxeperestou

-Idazkari: Emilio Enrique Iparragirre
-Idazkari ordea: Graciela Beatriz Larrinaga

-Diruzain: Horacio Guillermo Etxeperestou
-Diruzainorde:Claudia Iparragirre

- Batzordekide titularra: Julio Aizpuru
- Batzordekide titularra: Ane Egia Goienetxea
- Batzordekide titularra: Marta Beloki

-Batzordekide ordezkoa: Catalina Beloki
-Batzordekide ordezkoa: Anahi Beloki Otermin
-Batzordekide ordezkoa: Elsa Iparragirre

Abizenei dagokienez, "gaztelaniatu gabe jarri zirela zerrendan, jatorrizko forma errespetatuz", jakinarazi digute etxe berriko arduradunek.

Etorkizunari buruz

Atsedenik hartu gabe, Oroimenez-eko kideen lehendabiziko bilera abenduaren 5ean izan zen. Elkarretaratze honetan, datozen egunetarako eta 2013 urterako proiektu batzuk jarri zituzten abian agintari berriek. Abenduaren 19an, ‘Txistorrada’ eta Basoerdi aldi bat egingo da Solstizio Aldaketa eta Santo Tomas eguna ospatzeko. Hitzordua behin-behineko egoitzan izango da, Quirno Costa kaleko 620 zenbakian. Gabon garaian ere, Olentzero ibiliko da Los Toldoseko kaleetan eta nahi duenak argazkiak egin ahal izango ditu euskal pertsonaiarekin.

Datorren urtean, euskara klaseak eskaintzeko asmoa dute jaio berria den elkarteko lagunek. Horretarako, batzordekide den Ane Egia Goienetxea trintxerpetarra gonbidatu dute eskolak ematera. Ane Egia Goienetxea andereño aritu zen 45 urtez Euskal Herrian, Pasaiako Herri Ametsa Ikastolan, eta hasierako urteetan klandestinitatean lan egiteagatik Eusko Jaurlaritzaren aipamen berezia jaso zuen. Euskara klaseez gain, dantza irakaslea ere trebatuko du Egia Goienetxea andreak, hamar urtez Gipuzkoako Pasai Antxo-ko Alkartasuna dantza taldeko kidea izan baitzen.

Beste alde batetik, Emilio E. Iparraguirrek Euskal Herriari buruzko hitzaldiak emango ditu. Aipatzekoa da Emilio Iparraguirrek Euskal Erakunde Politikoei buruzko ikastaro bat egin zuela Deustoko Unibertsitatean. Bukatzeko, euskal etxeak Euskal Herriaren berri hedatzeko aukera izango du herriko ‘Impacto’ astekarian.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia