euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaime Brown neska euskalamerikar gaztearen lagunek otoitza eskatu dute bere osasun larriaren aurrean

2011/02/17

Jaime Brown (argazkia Nena Erreca)
Jaime Brown (argazkia Nena Erreca)

PUBLIZITATEA

Jaime (Ieimi ahoskatuta) Brown urtarrilaren 23an 18 urte egin berri dituen neskato euskal kaliforniarra da. Lagun asko dauzka Jaimek AEBetako euskal komunitateetan, 'betidanik' izan baita Los Banos-eko Euskal Etxeko kide eta dantzari eta baita San Frantziskokoa ere. Hamaikatxo euskal festa, ikastaro eta elkarretaratze bizi izan ditu han-hemenka bere inguru amerikarrean, alaitasuna eta euskaltzaletasuna ezaugarri. Duela gutxi, bizkarreko min batek medikuarengana eraman zuen, eta handik ospitaleratu egin zuten, minbizi tumore bat harrapatu baitiote bihotz ondoan. Laguntxoek mezu besarkatzaileak eta animo hitzak bidaltzen ari zaizkio eta beste batzuek otoitza eskatu dute, "lehen bait lehen osa dadin".

San Frantzisko, Estatu Batuak. Jaime neska ezaguna da bere adineko neska-mutiko euskal-estatubatuarren artean, zenbaitetan hartu baitu parte NABOk urtero antolatzen duen Udalekun, lehenik ikasle gisa eta behin 10-15 urteko adin hori pasata, begirale laguntzaile gisa. Nafarroa Beheraino daramatzaten bere euskal erroen deia Kaliforniako Los Banos-en (San Frantzisko hegoaldean), bertako Euskal Etxean entzun zuen, familian zein euskal elkarteko ekitaldietan. Izan ere, dantzaria eta Los Banoseko euskal dantza taldeko kide da, eta harreman estua ere izan du San Frantziskoko euskal etxeko Zazpiak Bat dantzariekin, lagun ugari dituelarik haien artean.

Neska aktiboa da euskal komunitatean, eta NABO gazte mailan egiten ari den ahaleginean partaide eta iritzi-emailea. Bere beste ezaugarri nabarietako bat, aurpegia argitzen dion irri polita da, beti umore onez agertzen baita, laguntzeko eta parte hartzeko prest.

Eta oraingoan berri txarra, tumore gaizto bat harrapatu baitiote bihotzaren ondoan, bizkarreko mina zeukala medikuarengana joan ondoren. Berehala eraman zuten Stanford-eko ospitale espezialdu batera, non medikuek ez duten oraino erabaki nola ekingo dioten aurrean daukaten panorama txarrari.

Ugari dituen lagunek agur beroak eta maitasunezko besarkadak bidali dizkiote, eta aurrera egiteko kuraia mezuak. Beste lagun batzuk mezuak sareratu dituzte internetera, nahi duenak otoitz egin dezan lehen bait lehen senda dadin. Geuk ere bat egiten dugu sostengatzeko eta animatzeko mezuekin. Aitzina, Jaime, zurekin gira!



Komentarioak

  • Besarkada handi bat

    Animo asko bidali nahi dizkiot Jaimeri. Zihurrenik ez ditu komentario hauek irakurriko, baina bere euskal herriko lagunok ere bera dugu gogoan. Eutsi gogor Jaime!

    Imanol, 2011/02/17 19:25

  • Zurekin gira!

    Zurekin gira, Jaime, ez ditugu zure irria eta eskualdungo azkarra batere ahantzi nahi, gureak baititugu. Gure indarrak zurekin dira, gure gogoak zu sostengatu nahi zitu mementu gaizto hauek heldu direlarik. Gurekin nahi zintuzkegu San Franciscon aide bezala helduden ekaineko Udalekun. Behar baitzitugu. Aitzina, Jaime.

    Panpi, 2011/02/17 12:05

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia