Ekitaldia larunbat honetan izango da eta herriko eskola katolikoarentzat dirua biltzea du helburu.
Rupert-eko (Idaho, AEB) Nikolas Deunaren Emakume Katolikoen Elkarteak, beste urte batez, herriko eskola katolikoaren aldeko diru bilketa afaria antolatu du. 57. edizioa hilaren 21ean ospatuko dute, Rupert Elks Lodge eraikinean, ohi legez. Afaria eta enkanteaz gain, zozketa eta kontzertua ere iragarri dute kartelean. Oso ekitaldi arrakastatsua izan ohi da hau, izatez, azken urteotan, 40.000 dolar inguru jaso izan dituzte afari bakoitzean. “Zorte handia dugu ditugun herrikideak izanda, denek lagundu nahi dutelako, ez soilik euskaldun eta katolikoek”, adierazi du Cyndy Berlin-Lantz antolatzaileak, EuskalKultura.com-ekin berba eginez.
Rupert, AEB. Aurtengo Rupert-eko euskal afaria, herriko San Nikolas eskola laguntzeko egingo dena, opariz betea izango da: alde batetik, bertaratutakoek, dohaintzan emango duten dirua eta, bestalde, antolatzaileek enkantean eta zozketan banatuko dituztenak. “Aurten, gainera, lehen aldiz, Boiseko Jaialdira joateko Hampton Inn hotelean bi gela eta ekitaldi baterako bi sarrera ere eskainiko ditugu enkantean”, adierazi du antolatzaileak.
Horiekin batera, beste hamaika opari eskuratu ahal izango dituzte animatzen direnak, hala nola: Robert Moore-n koadro original bat, Mountain Home Country Festival-erako bi VIP sarrera, eskuz egindako mantak, artzain-ogia, eBook bat, Rupert-en bertan dagoen Drift Inn hotelean bi lagunentzako gela, hotel horretan bertan beste bi lagunentzako afaria, eta abar luzea.
Eta guzti hori gutxi balitz, “arrakasta” handi izan ohi duen artxo mamua ere jarriko dute enkantean. Abere honen irabazleek ohitura dute artxoa itzuli eta berriz ere enkantean jartzea. Horrela lortu ohi dituzte, honi esker bakarrik, 3.000 eta 5.000 dolar inguru urtero. “Aukera ederra da diruz lagundu nahi dutenek ongi pasatzeko ere”, azaldu du Berlin-Lantzek.
Enkantea 20:30ean hasiko da baina, 18:00etan, Steve Trevino-k prestatutako afariaz gozatu ahal izango dute hara gerturatutakoak: entsalada, artxoa eta txorizoa, garbantzuak, lekak eta azenarioak dituen euskal arroza. Behin enkantea bukatuta, gaueko 21:30etatik aurrera Wild Night musika taldea arituko da eszenatokian, country soinuak aireratzen.
Prezioak
Gau guztirako sarrera: 25 dolar
Zozketarako, sei zenbaki 5 dolarrengatik
Afaririk gabeko gaua: 5 dolar
Informazioa gehiago nahi izatekotan Cyndy Berlin-Lantz-ekin sartu harremanetan: (208) 431-5814.