Boise, Idaho, AEB. Euskal Herritik kanpo egiten den euskal elkarretaratze handiena da. Bost urtero egiten dute, baina 2020ko edizioa izan izan zen gauzatu pandemiagatik. Aurtengo espektatibak, bere aurreko edizioan batzuk aipatu zituzten 50.000 bisitarietatik gora leudeke. Jaialdi 2025 uztailaren 29tik abuztuaren 3ra egingo da Boisen, Euskal Herrian Gernikarekin senidetuta dagoen hiriburu idahotarrean. Izan ere, Boisek euskal jatorriko populazio esanguratsua dauka eta egun horietan mundu osoko euskal hiriburu bilakatuko da, bisitariak bildurik AEBtik, Euskal Herritik eta euskal diasporatik. Ofizialki baieztatu ez bada ere, segurutzat jotzen da Pradales bera ere bertaratzea, azken edizioan bertan egin zuenez.
Lotura duen artikulua (publizitatea): Diaspora ezagutu nahi uda honetan, euskal jaietan mugilduz Euskal Herritik 10.000 kilometrora? Hona eskaintza
Euskaldunak etxean daude bertan, bertako paisaiako parte dira XIX eta XX. mendeen arteko junturatik. Historian zehar Boisek euskara berezko hizkuntza zeukaten dozenaka euskal ostatu euki izan ditu. Hiriko 'Euzkaldunak' Euskal Etxeak 75 urte bete zituen iaz. Eta 1990tik hona hiriaren erdigunean Basque Block edo 'euskal auzoa'ren taupada eta eragina senti daiteke, Boisek bertako erakunde baititu, konparazio, Euskal Museoa, Ikastola, Biotzetik abesbatza, euskal ostatu eta jatetxeak, 'Oinkari' edo 'Boise'ko Gazteak' bezalako dantza taldeak, 'Txantxangorriak' Musika Eskola, Euskal Ikasketak Boise State Unibertsitatean eta abar luze bat ekimen, tartean Jaialdia bera, bertako euskal kultur ondare eta konpromisoaren erakusgarri; hori guztia euskal etorkinek ekarri eta bertan landatu zuten euskal haziaren emaitza gisa, haiek ekarri baina hemen jaiotako belaunaldi berriek bere egin dutena. Agian horren guztiaren sinbolotzat balio dezake euskal auzoko Jacos-Uberuaga —Boiseko bere motako etxerik zaharrena da, eta bertan abiatu zen Euskal Museoa— euskal ostatu izan zenaren lorategian hazten den Gernikako Arbolaren kimua, erroak lur amerikarrean sendo finkatuta bere fruituak datozkion guztiei, bertakoei eta kanpotarrei, euskaldunei eta ez-euskaldunei, eskaintzen dizkiena.
Idahoko Kapitolioa Jaialdi 2015n, barra eta izarrak, ikurrina eta estatuko banderarekin.
Egun lehendakari den Pradales (bigarrena eskuinetik) orduan Bizkaiko diputatu nagusi zen Unai Rementeriarekin
Testuinguru horretan egingo da uda honetan euskal jaia. Boisetik, bertako euskal diasporako kideek harro adierazi eta ohoratu nahi dute Jaialdirekin euren jatorria, euren guraso, aitona-amona eta aurrekoengatik jasotakoa, ozen partekatu nahi dutena. Diasporako euskaldunak sentitzen dira. Batzuk dioskute "Euskadiko jende askok ez gaitu ezagutzen". "Han estereotipoekin funtzionatzen dute guri buruz, eta egia da agian hemen ere hala gertatzen zaigula eurekin", onartzen dute. Elkarrekiko ezagutza eta errekonozitze bide horretan, askok internet eta sareen bidez erlazionatzen dira, eta kontaktu pertsonal eta familiarrak lantzen dituzte. Eta Diasporako ahal dutenek Euskal Herria bisitatzen dute, eta Euskal Herriko ahal dutenek Diaspora. Herriko festak aukera ona izaten dira momentuak partekatzeko, han eta hemen. Diasporan, esaterako, Argentinako Euskal Aste Nazionala —aurten urriaren 27tik azaroaren 2ra Tandilen— edo Estatu Batuetan honako hau, egokiak, beti ere, murgilpen apur bat egiteko, eta 'zortzigarren probintzian' lagunak egiteko.
Munduko euskal bilgune
NABO Ipar Amerikako euskal erakundeko lehendakari den Jean Flesher-engana jo du EuskalKultura.eus-ek eta gure galderei erantzunez argi azaldu digu NABOren helburua dela euren "aurrekoek utzitako altxorra, euskara eta euskal kulturarekiko lotura, atxiki eta sustatzea". Eta areago, "urte osoan zehar" nahi dituztela "bultzatu proiektuak elkarrekin, gure gazteak motibatu eta animatzearren, formakuntzak eta mota guztietako sinergiak bilduz, EH eta Diaspora elkarren sustengu izan daitezen". "Badugu hor zertan sakondua, eta etorkizun oso bat behar dugu landu eta geureganatu". "Uste dugu Jaiadi bezalako bestak lagungarri direla, lagungarri eta garrantzitsu diren bezala beste ekimen batzuk, hala nola Ateak Ireki, belaunaldi gazteei euskal hizkuntza eta kulturan murgiltzeko aukera ematen, Euskal Herrian bertan" [EKren oharra: datozen egunetan artikulu berri bat argitaratuko du EuskalKulturak Ateak Ireki-z]
Ibilaldia, Kilometroak, Herri Urrats? Ez, Boiseko Jaialdi da, cowboy kapelaren batek salatzen duenez
Erromeria Basque Block-en, bertako eta Euskal Herritik etorritako euskal musika taldeekin
"Gonbidapen zintzoa egiten diegu Euskal Herriko eta Diasporako gainerako euskaldunei", segitzen du Flesherrek. "Zatozte eta egin iezaguzue bisita, ezagutu gaitzazue geure lekuan. Etxean sentituko zarete, etxekotzat errezibituko baitzaituztegu. Zer hoberik elkar ezagutzeko elkarrekin besta egitea baino, elkarrekin 'Hegoak' kantatzea, elkarrekin jan, dantza egin, solastu eta libertitzea baizik... elkarren arteko giro bat sortzea, aukerak emanez elkar ezagutzeari, eta erraztuz horrekin bidea bestelako proposamenak artikulatzeari". Nabari zaio Utah-n sustrai baxenabartarrez jaiotako euskaldun honi bere euskal konpromisoa. Horrek bultzatu zuen ardurak hartzera NABOn eta euskal komunitateetan. Ez da faltako Jaialdin, ezta emaztea eta bi seme-alabak ere, eta bera buru dela egingo da Jaialdiren baitan NABOren 2025eko Biltzar Nagusia, berrogei bat euskal etxetako delegatuekin, AEB, Kanada eta Saint Pierre eta Mikeluneko elkarteen ordezkari. Lau hilabete eskas baino ez Boise munduko euskaldunen meeting-point bihurtzeko, kultura eta nortasun bat lokarri, jasotako legatu aberatsari geroa emateko gogo partekatuarekin. AEBn baina euskal AEBn. 'Katea ez da eten'. Katebegiek sendo eusten baitiote.