Boise, AEB. Oraintxe urtebete falta da Boiseko 'Jaialdi 2020' festa erraldoirako eta antolatzaileek urrats berriak ematen segitzen dute 2020ko uztailaren 28tik abuztuaren 2ra hiriburu idahotarrean Euskal Diasporaren adierazgarri bizi izango den elkarretaratze ikusgarri honen prestatze bidean. Atzo bertan bukatu ziren Boisen aurtengo San Inazio festak eta euren baitan jendaurretu eta zabaldu da datorren urteko Jaialdik izango duen poster ofiziala, Boiseko Carew Co. diseinuaren egile. Horrekin batera, Jaialdi aurreko larunbata, uztailaren 25a, iragarri da Athletic-ek Boisen jokatuko duen partidako data gisa. Aurkariaren izena ez da finkatu oraindik.
Jaialdi 2020ko saltokia asteburuko Boiseko San Inazio festetan, Elise Overgaard eta Alicia Lachiondo
Larunbateko dantzaldia Boisen, Amerikanuak taldea jotzen; igandean Kalimotxo Cowboys taldea aritu zen
Gogoratu San Inazio festa urtero antolatzen dela Boisen, eta halaxe ospatu dutela aurten ere joan den asteburuan, baina bost urtero, San Inazio jai hori Jaialdi festa erraldoia bilakatzen dela, datorren urtean gertatuko den bezalaxe. 2015ean gainera, datekin azken orduko aldaketarik izan bezen ere, Athletic-ek bisita egin zuen Boisera, arrakasta polita lortuz eta, besteak beste, futbol europarrarekiko zaletasuna ere sustatuz. Eskarmentu hori gainean, datorren urteko uztaileko bisita askoz hobea iragartzen da.
Planik egin duzu 2020eko uztail azkenean San Inazio festak Boisen ospatzeko? Athletic ikusi nahi Boisen?