euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaialdi 2015, bagoaz! Hasi dira Euskal Herritik Boisera bidaiak prestatzen, AEBetako euskal festarik handienean parte hartzeko

2014/10/06

Renoko (Nevada) Zenbat Gara Euskal Dantza Taldea Idahoko Boisen, 2005eko Jaialdin (argazkia Joseba Etxarri-EuskalKultura.com)
Renoko (Nevada) Zenbat Gara Euskal Dantza Taldea Idahoko Boisen, 2005eko Jaialdin (argazkia Joseba Etxarri-EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Datorren urteko uztailean AEBetako milaka euskaldun bilduko dira Boisen, Jaialdi 2015 festan parte hartzeko irrikaz. AEBetako euskal jairik handiena da Jaialdi eta bost urtero egiten da Idahoko hiriburuan. Euskal Herritik ere makina bat lagun eta bisitari joango dira eta hasi dira dagoeneko bidaiak prestatzen. Iruñeko Overtrails bidaia agentziak, esaterako, jakinarazi digu bertarako lau bidaia aukera hasi dela eskaintzen: Jaialdira bakarrik; New York eta Jaialdira; Jaialdi, Coloradoko Kainoia eta Las Vegasera; eta azkenik, Ameriketan artzain izan ziren euskaldunekin bidaia berezia, Julian Iantzi aurkezlea gidari (Iantzi Kalifornian jaioa da, Mendebaldean 23 urte artzain ibili zen euskaldun baten seme).

Iruñea, Nafarroa. Euskal Herrian batzuk hasi dira dagoeneko prestatzen bidaia, datorren urteko uztailaren bukaera aldera Jaialdi 2015 euskal festa handian parte hartzeko. Ia urtebete falta oraindik, baina inoiz bertan izan direnek ez dute esperientzia ahaztezin hau galdu nahi, Far Westaren bihotzean euskal kultura bizi bizi gozatzeko aukera berezi hau ez baita eguneroko zerbait. Sekula han izan ez direnentzat, edo euskal Diasporaren mundua gutxi ezagutzen dutenentzat, AEBetan Euskal Herriaren zatitxo hau ezagutzea shock kultural gogoangarria izango da, zalantzarik ez!

Izan ere, Jaialdi, AEBetako eta Diaspora osoko euskaldunen festa nagusia da eta giro aparta izan ohi du. Aurreneko edizioa 1987an egin zen eta 30.000 bat bisitari bildu zituen. Hurrengoa 1990an eta, ondotik, bost urtero egin ohi da festa, Boiseko San Inazioekin batera eta jaiak irauten duen bitartean, euskal Diasporaren hiriburu eta topagune bihurtzen da Idahoko hiriburua. “Giroa bikaina da, musika, dantza, kontzertuak eta ondo pasatzeko gogo itzela izan ohi da”, azaldu du Overtrails agentziako Karlos Agirrek. "Gure bidaien helburua hango euskaldunekin egotea da, eta horretarako euskal etxeetan haiekin bilduko gara, afariak egingo ditugu... Ohiko bidaia baino gehiago izango da".

Lau bidaia aukeran

Agentziak lau bidaia eskaintzen ditu, Euskal Herritik abiatuta:

1.- Jaialdi 2015: jaialdira bakarrik; uztailaren 28an abiatuta BIlbotik eta abuztuaren 4an bueltatzeko. Informazio gehiago, agentziaren webgunean: http://www.overtrails.com/holiday/jaialdi-2015-boise

2.- New York eta Jaialdi 2015: Bilbotik abiatu uztailaren 26an, New Yorken 29a arte eta 29tik abuztuaren 2a arte Boisen. Informazio gehiago, http://www.overtrails.com/holiday/jaialdi-2015-nueva-york-y-boise

3.- Jaialdi, Kainoi Handia, Las Vegas: Jaialdin uztailaren 28tik abuztuaren 3a arte, eta ondoren Utah, Coloradoko Kainoi Handia eta Las Vegas bisitatuz. Itzulera abuztuaren 9an. Informazio gehiago:  http://www.overtrails.com/holiday/jaialdi-2015-naturaleza-viva

4. “Artzainak eta euskal etxeak”: bidaia berezi bat, AEBetan artzain ibili ziren euskaldunekin batera. Julian Iantzi aurkezlea izango da gidari. Kalifornia, Nevada eta Idaho, bidaia Jaialdin amaituz. Informazio gehiago: http://www.overtrails.com/holiday/jaialdi-2015-reencuentro-de-pastores-en-california-nevada-y-idaho

Horrez gain, agentziak taldeentzako bidaia bereziak ere antolatzen ditu, bakoitzak nahi bezala (lekuak, hotelak, hegazkinak...). Agirreren azaldu duenez, dagoeneko 200 lagundik gora eman dute izena.

Artzain amerikanuen itzulera

Azken bidaia honek gidari berezia izango du: Julian Iantzi, ETBko "El Conquistador del Fin del Mundo” saioaren aurkezlea. Iantzik oso etxekoa du euskal artzainen esperientzia: bere aita 23 urte ibili zen AEBetan artzain, eta Iantzi bera Kalifornian jaioa da. Familia Euskal Herrira itzuli zen berak 7 urte zituenean, baina haien osaba Beñardok Ameriketan jarraitzen du eta Boisen bizi da egun. "Etxean ezagutu dut zer den herrimina, familia eta lagunak faltan botatzea... Nire aitak bueltatzea erabaki zuen, baina beste askok ez zuten egin", esan du Iantzik.

Iaz aurkezle lesakarrak AEBetara bidaia egin zuen, bere arreba Laura Igantzi buru duen Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen eskutik. Elkarteko 40 kide, denak aspaldi AEBetan ibilitako artzainak eta euren familiakoak, lehen aldiz itzuli ziren hara eta hango lagunekin elkartzeko aukera izan zuten. Une zirraragarriak eta hunkigarriak bizi izan zituzten. Orduan artzain gehienak Nafarroa eta Iparraldekoak izan ziren eta Overtrails-ek antolatu duen bidaia hau artzain bizkaitarrei bereziki zuzendua da. Gehienek Idaho aldean egin zuten lan eta 2015eko jaialdiaren baitan lagunak eta senitartekoak berriz ere ikusteko aukera paregabea izango dute. 

-Informazio gehiago:

Overtrails bidaia-agentzia
Tel: 948 293479
http://www.overtrails.com
E-maila: info@overtrails.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia