Buenos Aires, Argentina. Iparraldeko Euskal Etxearen 130. urteurreneko ospakizunei hasiera ematen zien lehen ekitaldiak ehun bat bazkide eta lagun bildu zituen joan den asteartean, apirilaren 15ean. Hitzordua elkarteak bere-berea duen euskal pilotari lotu zitzaion, eta arratsaldean hasi zen, Eduardo Ross, Carlos Huete, Fernando Elortondo eta Horacio Morenorekin trinketean bi erakustaldi partida jokatuta. Amaieran, jatetxeko Areto Nagusian, oroitzapen ekitaldi bat egin zen. Bertan izan ziren, besteak beste, Frantziako kontsul nagusia Argentinan, Patrick Philippe Ghislain Renard; Euskadiren Ordezkaritzako Harreman Instituzionalen arduradun Mariana Satostegui; eta hiriko euskal elkarte hauetako agintariak: Nafar Etxea, Euskal Echea Ikastetxea, Euskaltzaleak, Eusketxe, Gure Echea, Juan de Garay Fundazioa eta Laurak Bat.
Urteurren tarta; Agurra; Euskadiren Ordezkaritzaren oparia, Frantziako kontsul Patrick P. Ghislain Renard (eskuinean muturrean)
Tradizioak agintzen duenez, ekitaldia Argentinako Ereserki Nazionalaren eta Gernikako Arbolaren doinuekin hasi zen. Ondoren, Laurak Bat Euskal Etxeko dantzari Maite Pachecok Agurra dantzatu zuen. Iparraldekoko Beltran Maillot lehendakariaren lehen hitzak bazkideei, lagunei eta agintariei eskerrak emateko izan ziren. Ricardo Luis Baldouk, zeremonia-maisu lanean aritu zenak, bi bideo aurkeztu zituen, elkartearen lagun eta pilotaren historiazale amorratua den Cristian Armasek propio eginak. Lehenak, ibilbide instituzionala jasota, eta bigarrenak, Juan Labat txapeldunaren figura omenduz. Pilotariari egindako omenaldiak txalo zaparrada ederra jaso zuen, eta esker ona, bertan zeuden txapeldunaren bi seme Ricardo eta Juan Martín Labaten partetik.
Bideoa Iparraldeko Euskal Etxearen 130 urteko historia errepasatuz (2' 07")
Iparraldekoko trinketeari izena ematen dion Juan Labat pilotariari buruzko bideoa (6' 45")
Argentinan, urtero, apirila, 1982ko Hego Atlantikoko gertakariei lotzen zaie ezinbestean. Karia horretara, ekitaldi honetan ere lekua egin zitzaien, elkarteko bi kideri, Augusto Bedacarratz eta José Sosa Montepagano-ri, euren Malvinetako Gerrako beterano izaera eskertuz. Maillot lehendakariak pergamino bana eman zien. Eta eskerrak eman zitzaizkien baita ere erakustaldia eskainitako lau pilotariei, horien artean munduko hiru txapeldun. Era berean, publikoaren artean pilotaren beste loria bat zegoela ohartuta, —Aaron Seheter, munduko 13 tituluren irabazlea— berarentzat ere txalokada eskatu eta gogoz eman zioten.
Beltran Maillot, Iparraldekoko lehendakaria Gure Echea-ren plaka jasotzen opari; Ricardo eta Juan Martin Labat anaiak; Oparia Ramallo Pilota Klubak emana; eta Gualeguay-ko /Enyre Ríos) pilotariak
Zorionak Iparraldeko Euskal Etxea!