San Nicolás, Argentina. Festa giro itzela izango da San Nicolasen asteburu honetan. Eta handia, halaber, festara bertaratuko diren gonbidatuen kopurua. Hain handia, egoitza txikia geratu zaiela; berez handia bada ere, ez du edukiera nahikoa izango San Nicolaseko Euzkal Etxearen 80 urteurrenaren ospakizunak elkarretaratuko dituen ehun eta berrogeita hamar aski pasexe bilduko dituen lagunei abegia emateko. Elkarte italiarrean egingo da beraz, 200 metrora. abenduaren 7an, larunbatean, 20etatik aurrera, Italia 23 helbidean.
EuskalKultura.eus-i San Nicolasetik jakinarazi zaionez, gonbidatu askok baieztatu dute partaidetza, tartean daudela FEVAko zuzendariak, euskal etxe askotakoak eta dantza maite duen jende asko, besteak beste. Espero dira Arrecifes eta Buenos Aireseko eta beste gizatalde batzuetako dantzariak. Bertako "La Porfía" ballet folklorikoak ere bere emanaldia eskainiko du oholtzan, baita bertako Igarabako dantzariek ere; azken hauen euskal dantza errepertorioan, gainera, sorpresa bat omen daukate ikusleentzat.
Arituko da baita ere EEko “Errekatarrak” abesbatza, Jorge Menna zuzendari, eta danborrada donostiarraren taldea. Gastronomia alorrean, etxeko sukaldari talde sonatuak 'txorizoa sagardotan' eta beste mokadu eta kutixiak prestatuko ditu. Txapela euren sagardo naturalarekin, Xabier Aguirre eta Milena Aramburu izango dira bertan. Zuzendaritza taldeak, bestalde, omenaldia egingo die hiru kideri, eta hilondoko gorazarre, bereziki sentitua, Marta Beatriz Saldias duela gutxi zendutako batzordekokide ohiari.
Emozio eta erantzukizuna
Ospakizun handirako ordu gutxi falta direla Euzkal Etxeko lehendakari Ana Erausquinek nola sentitzen duen partekatzen du EuskalKultura.eus-ekin. "Ez da erraza. Emozio handia sentitzen dut, eta erantzukizuna. 75 urteak ospatzea egokitu zitzaidan, eta ez nuen uste honetan ere izango nintzenik. Segida ematen ari gara gure aitona-amonen, gurasoen eta hainbeste jende maitearen legatuari, hor egon ziren eta baloreak transmititu zizkiguten, idealak. Jarraitzen du baita ere 2001ean hasi genuen proiektu solidarioak. Euskal etxea hazten ikustea, guztien laguntza sentitzea, eta gazteak hain gogotsu lan egitea, gure aurrekoek altxatu zutena zutik jarrai dezan, eta egunetik egunera haz dadin, emozio handia ematen duen gauza da", laburbiltzen du.
Zorionak, San Nicolaseko Euzkal Etxea!