euskal diaspora eta kultura
2013/07/31
PUBLIZITATEA
Corpus Christi, Argentina. Ehundik gora euskal etxe daude gaur egun Argentinan eta bakoitzak historia, nortasun eta berezitasun propioak ditu. Corpus Christikoaren profila, euskal etxea sortu zenean hasi zen marrazten eta gero eta argiago agertzen da. Izan ere, euskal kultura zabaltzea da Olga Leiciaga buru duen Misioneseko erakunde honen xede nagusia; baina asmo kultural horrekin batera solidaritatea ere bada elkarte honen muina. Beraz, bere ildoari jarraiki eta jai-izpiritua batere galdu gabe, komunitate indigenekiko engaiamendu ektiboa adierazi du Eusko Etxeak aurten ere bere Euskal Kultur Jaian.
Jaia, egunez egun
Ospakizuna uztailaren 15ean hasi zen Atahualpa Yupanqui liburutegiaren egoitza berriaren inaugurazio ofizialarekin. ‘Guillermo Larregui’ izenarekin bataiatu zuten irakurgelan Euskal Baserriak erakusketa jarri zen ikusgai eta bertako Lagun Artean antzerki taldeak ‘Euskotarrak gera gu’ antzeztu zuen. Herriko agintari batzuk bertaratu ziren liburutegira zeremonian parte hartzeko, tartean Herriko Udalbatzako presidente Alicia Rffignac, Paulino Bustamante zinegotzia, eta Luis Pastori diputatuak ere ordezkari bat bidali zuen.
Uztailaren 16an, aire zabaleko ekintzak burutu ziren Curupaytí Kanpinean. Ume, gazte eta helduei zuzendutako egunean, zozketak, jolasak eta herri kirolak izan ziren protagonista. Eusko Etxea-ko gazteak izan ziren gidari, joan en udan Chascomuseko Udalekuan ikasitakoa eredu hartuta.
Antzerki taldearen bigarren aurkezpena asteazkenean, 17an, izan zen Udaletxeko aretoan. Bi emanaldi egin ziren, bata umeentzat eta bestea helduentzat. Ostegunean, berriz, Kulturen Topaketa izeneko ekitdaldia burutu zen liburutegian, Cesar Arrondo eta San Ignacio herriko mbyá-guaraní komunitateko Celeste Itatí Brizuela ordezkaria partaide.
[Cesar Arrondo, Olga Leiciaga eta Celeste Itatí Brizuela, Kulturen Topaketa deitu zuten ekitaldian (argazkiaEE)]
Misionesko herri indigenen izenean, Celeste Itatí Brizuelak bere herriaren historia eta gaur egungo bizipenei buruz hitz egin zuen. Hitzaldian, herritarrek pairatzen dituzten desberdinkeria eta bazterkeria ere aipatu zituen Brizuelak. Kulturen Topaketaren programaren bigarren partean, Cesar Arrondo irakasleak Gernikari buruzko hitzaldia eskaini eta gai horri buruzko dokumental bat proiektatu zuen.
Uztailaren 20a izan zen doaike jardunaldietako egun nagusia. Egun horretan eta Saladilloko Cine con Vecinos elkarteko Julio Miduk eta Fabio Junco zinegileak zuzendari, euskal etxeko kideak ez ezik, herritarrak eta jaia kari Corpus Christira etorritako zenbait lagun laburmetraia batean parte hartzeko bildu ziren. Y ayer eran los dueños (Eta atzo jabeak ziren) izenburupean, zortzi bat minutuko bideoa ekoitzi zuten zinegileek Misionesko indigenen egoera jakinarazteko.
Olga Leiciagaren esanetan --aktore lana egitea ere egokitu zitzaion Eusko Etxea-ko lehendakariari-- esperientzia paregabea izan zen. "Alde batetik, gutariko inor ez zelako inoiz izan pelikula batean aktore. Bestetik, talde-lana izan zelako. Bideoa proiektu handiago baten zati bat baino ez da, mbyá-guaraní herriari eta bertako herriei eskubide-berdintasuna bermatzea helburu, bazterkeriak uxatzu eta euren kultura berreskuratzen lagunduz”.
‘Y ayer eran los dueños’ laburmetraia azaroaren 2tik 9ra Saladillon egingo den Zinemaldian aurkeztuko da. Bitartean Youtube-n ikus daiteke (lerro hauen azpira ekarri dugu, ikus ezazu, lekukotasunak merezi du-eta). Egileek jakinarazi dutenez, bideoa zenbait hizkuntzatara itzuliko da, besteak beste guaranierara eta euskarara.
[Zine ‘Espres’ Tailerrean, Saladilloko Favio Juncok eta Julio Miduk 'Y ayer eran los dueños’ fikziozko laburmetraia zuzendu zuten. Lana ‘Cine con Vecinos’ elkartearen proiektua da eta azaroan aurkeztuko da ofizialki Saladilloko Zinemaldian. Euskal kolektibitateko lagun batzuk ere agertzen dira filman, hala nola Eusko Etxea-ko Olga Leiciaga eta Rocio Miranda, eta Cesar Arrondo]
V. Kontaketa harrigarriak
2013ko Euskal Jaiari amaiera emateko, Corpus Christiko Eusko Ertxeak antolatutako V. ‘Kontaketa Harrigarriak’ Literatur Lehiaketaren sariak banatu ziren Atahualpa Yupanqui Liburutegiko instalazio berrietan. Hauek dira saridunak eta aipamen bereziak:
'KONTAKETA HARRIGARRIAK' (helduen kategoria)
-Lehenengo saria: Maria del
Carmen Escobar (Pergamino, Argentina), 'Cecilia’ kontaketarengatik
-Bigarren saria: Belen Hernandez
Grande (Avila, España), 'Memorias de una estrella'rengatik
Aipamen bereziak
-Ernesto Daniel Bollini, (Buenos Aires, Argentina), 'Hombre' lanarekin
-Enrique Gabriel Armedo Figueroa (Montevideo,
Uruguai), ‘Historia de un destino’rekin
'PERTSONAIA NABARIAK’ (helduen kategoria)
-Lehenengo saria: Ricardo Raul
Biglieri (Pergamino, Argentina), 'Gracias, doctor’ testuarengatik
-Bigarren saria: Salvador Robles
Miras (Bilbo, Euskal Herria), 'La salvación'engatik
Aipamen berezia
-Elida Cantarella (Pergamino, Argentina), ‘Cual pájaros al viento’rekin
'KONTAKETA HARRIGARRIAK' (gazteen kategoria)
-Lehenengo saria: Fabiana
Daniela Heindenreich (Urdinarrain, Argentina), 'La noche tormentosa'
-Bigarren saria: Nagore Adrian (Laprida
, Argentina), 'La rebelión de las historias’
Behin sariak banatuta, Carlos Aguero pergaminotarrak Atahualpa Yupanquiren jaiotze agiriaren kopia bat oparitu zien Eusko Etxea-ko liburutegiko arduradunei. Gogora dezagun Atahualpa Yupanqui izen handiko musikaria, euskal jatorriduna berau amaren aldetik, Pergamino hirian jaio zela 1908an.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus