euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Jai Alai Blues", "Amalur" eta euskal laburmetraia sorta ikusgai Frantziako Tolosako Zinemaldian

2016/09/27

"Jai Alai Blues" dokumentalak Ameriketako frontoien istorioa zirraragarri eta gazi-gozoa kontatzen du
"Jai Alai Blues" dokumentalak Ameriketako frontoien istorioa zirraragarri eta gazi-gozoa kontatzen du

PUBLIZITATEA

Datozen egunetan Tolosako Zinemaldiak ("Festival de Cinema Espagnol de Toulouse") bi euskal luzemetrai eskainiko ditu: batetik, "Jai Alai Blues", Ameriketako frontoien istorio zirraragarria biltzen duen dokumentala; eta, bestetik, euskal zinemaren klasiko bat, "Amalur" (1968), Nestor Basterretxea artistak eta Fernando Larruquert-ek zuzendua. Horrez gain, Kimuak programako euskal laburmetraia sorta ederra ere izango da ikusgai. Ostiraletik datorren urriaren 9a arte. 

Tolosa, Frantzia. Ostiralean abiatuko da Tolosan bertako "Festival de Cinema Espagnol" zinemaldiaren 21. edizioa, ia ehun luzemetraia eta laburmetraia ikusteko aukera emango duena. Zinemaldiak euskal zineari eskainitako atal berezia du, "Regard sur le cinéma basque", eta bertan bi euskal luzemetraia eta hainbat labur aurkeztuko dira. 

Aurreneko euskal emanaldia datorren urriaren 2an egingo da, igandean, "Amalur" filmarekin. Luzemetraia 1968 egin zen, Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxeak zuzendua. Klasiko historiko bat da, izan ere, Euskal Herrian produzitu eta grabatu zen lehen filma izan zelako. Dokumentalak frankismoaren zentsurarekin tirabira asko izan zituen, baina azkenean, Euskal Herriari kantu liriko baten itxuraren azpian, aldarrikapen politiko sakona egitea lortu zuen.

Ondoren, astelehenean, urriaren 3an, Kimuak programako euskal laburmetrai sorta izango da ikusgai Cinematheque-an: "Ámár", Isabel Herguera; "Artalde", Asier Altuna; "Daisy Cutter", Enrique García eta Rubén Salazar; "Democracia", Borja Cobeaga; "La gran carrera", Kote Camacho; "La media pena", Sergio Barrejón; "Minerita", Raúl de la Fuente; "Monsters do not exist", Paul Urkijo; "Voice over", Martín Rosete eta "Zeinek gehiago iraun", Gregorio Muro. 

Asteartean, urriaren 4an, berriz ere Cinematheque-an, "Jai Alai Blues" dokumentala aurkeztuko da. Gorka Bilbao Ramosek zuzendua, luzemtraiak Ameriketako frontoien bilakaera kontatzen du; 70. hamarkadako arrakasta itzeletik gaur eguneko gainbeherara.

Amaitzeko, urriaren 7an, ostiralean, Kimuakeko laburmetraien saio berri bat egingo da, oraingoan Cervantes Institutuaren egoitzan.

Tolosako Zinemaldiari buruzko informazio gehiago, bere webgunean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia