Buenos Aires, Argentina. Euskal gaietan adituak direnak ez ezik, euskal kolektibitate osoa poztu du Argentinako Ekin Argitaletxea berriro ere argitaratzen ikusteak. 1942an Ixaka Lopez de Mendizabalek eta Andres Maria de Irujo y Ollok sortutako proiektuak helburu argia zuen oso, eta hala azaldu zuten argitaletxearen aurkezte testuan:: “Euskal kultur adierazpen guztiak eta euskal herritarren bizipenak jakinarazteko aukera emango duen argitaletxea izango da Ekin, batez ere euskal kulturak egun bizi duen zorigaiztoko une goibel honetan”.
Izenburu berriak
Argitaletxeari merezitako jarraipena emateko, berritze prozesu baten premia ikusi eta bilaketa horretan Xabier Irujo Amezaga eta Mariana Fernandez Castelli lagunekin elkartu zen Andres Maria de Irujo y Olloren alarguna eta Ekin Argitaletxeko zuzendaria den Maria Elena Etcheverry. “Ezinbestekoa egiten zait azpimarratzea bi lagun hauek proiektuari eman dioten baldintzarik gabeko laguntza”, aitortzen du.
“Elkarretaratze horretatik, ideia eta kontaktu berriak atera ziren, eta horren ondorioz, iaz argitaratu genituen liburuak: Arantxa Ametzagaren Contraviaje. De Nueva York a Gernika pasando por Berlín (liburu hau datorren hilabetean aurkeztuko da Euskal Herrian); Larraitz Ariznabarretaren Martín Ugalde. Cartografías de un Discurso, testu hau Ariznabarretak Mondragon Unibertsitatean egindako doktore-tesia da; eta Deustuko Unibertsitateko Leyre Arrietaren Historia de Radio Euskadi. Liburu honetan, euskal gatazkaren berri emateko –erbestealdi garaitik gaur egun arte– dauden zailtasunei buruz hitz egiten du ikertzaileak. Liburu hauek Amazon-en daude salgai.
2016 honetako nobedadea, berriz, Koldo Ordozgoitiren La Odisea de Xabiertxo. El Último Paquebote izango da. “Literatura arloan altxor bat den lan honek Atlantikoaren bi aldeetako euskaldunen arteko harremanen gaia jorratzen du, Euskal Herriaren momentu larrienetako batean”, laburtzen du Ekin-eko zuzendariak. Liburuaren egileak berak dio "testuak islatzen du(ela) nola jarraitu zuen Argentinan Euskal Pizkundeak, Euskal Herrian gerragatik bertan behera geratu bazen ere mugimendu kultural garrantzitsu hau eta nola jarraipen hori Ekin bezalako erakundeei esker izan zen posible. Izan ere, ezin da ulertu euskal kulturaren XX. mendeko ibilbide eta garapena ekarpen hori gogoan izan gabe ”.
Historia apur bat
Jardunbide luzeko argitaletxe honen aktibitateak gorabeherak izan ditu, nola ez bizitzea suertatu zitzaion garaietako testuinguru eta baldintzak gogoan. Hala ere, kultur guneetan eragile izateko eta euskal kultura zabaltzeko xedeak ipar izanik lan handia egin dute arduradunek, lehen eta gaur, euskal etxeetan eta Buenos Airesko Liburu Azokan presente egoteko, adibidez. Durangoko Azokara ere hurreratu izan dira. Segida eta eustea helburu. “Argitaratzen segitzeko asmoaren adibide izan daitezke 90. hamarkadan kaleratu genituen Horacio Arambururen Cristiano Bueno, eta Luis María Etcheverryren Oro Velado. Interpretación de Relatos Mitológicos. 2001ean omenaldi bat egin ziguten Durangoko Liburu eta Disko Azokan eta hori bultzada polita izan zen guretzat, eta Txalaparta Argitaletxearekin batera Euskal Herrian izenburu batzuk argitaratzeko aukera eman zigun, 2005-2006an”.
“Honekin esan nahi dudana da nahiz eta azken urteotan eten batzuk izan –gertakizun larrien ondorioz– jarraitzeko asmoa beti izan dela gure iparra. Ekin Argitaletxea beti egon da kontaktuan beste hainbat kultur erakunderekin; eta asmo izan du beti ere bere ekarpena egiten segitzea, hausnarketa eta sustatze lanari eutsiz. Jakin behar da argitaletxea ez dela sekula enpresa bat izan, ez da hori izan bere izpiritua, are gehiago, merkatal izpiritutik kanpo funtzionatu izan du eta hasiera-hasieratik, ekimena sortu zutenen eta euren ondorengoen baliabideekin funtzionatu du”.
Hirurogeita hamalau urte pasatu dira Ekin Argitaletxea jaio zenetik, eta lehenengo garai haietako izenburuen arrakastak oihartzuna dauka oraindik. “Hasierako hamarkadetan argitaratutako izenburu eta idazleek, kalitatez zein kantitatez, oraindik ere sortzen dute interesa eta harridura. Oraindik ere eskatzen dizkigute; gaietako askok ez dute aktualitatea galdu. Horregatik, eta Ekin Argitaletxeak daukan garrantziagatik gure engaiamenduak segitzen du eta ekimenari jarraipena emateko gogoak beti bezain sendo dirau”, baieztatu digu Etcheverryk.
Ekin Argitaletxearen katalogo osoa Buenos Airesko Lizarraenea etxean eros daitezke, Mexiko kaleko 1880. zenbakian. Azken hiru izenburuak, Amazonen. Informazio gehiago, Editorial Vasca Ekin blogean.