euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ibarretxe gonbidatu dute San Nicolaseko Euzkal Etxearen ‘Etxe Nasaia’ programaren X. urtemugara

2012/10/04

'Etxe nasaia'ren 10. urteurrenaren afixa
'Etxe nasaia'ren 10. urteurrenaren afixa

PUBLIZITATEA

2001ean jarri zuten abian Euzkal Etxea euskal etxeko arduradunek ‘Etxe Nasaia’ programa. Proiektuak bi helburu zituen: krisi ekonomikoaren ondorio larriak eskola-umeen artean leuntzen saiatzea eta, aldi berean, euskal etxearen eta gizartearen arteko lotura sendotzea. Helburuak ondo asko bete dira eta aurten hamar urte egingo ditu San Nicolaseko euskaldunek bultzatutako ekintza solidarioak. Ospatzeko, ‘Etxe Nasaia’ren edizio erraldoia antolatu dute euskal etxeko kideek urriaren 24 eta 25ean. Gonbidatuen artean, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria nabarmentzen da, hitzaldi bat eskainiko baitu, propio gonbidatuta, 24an, asteazkenez, iluntzeko 8etan, bertako Abokatuen Elkartean.

San Nicolas, Argentina. ‘Etxe Nasaia’ programaren hamargarren urteurrena dela eta, San Nicolas hiriko Euzkal Etxea euskal etxeko agintariek proiektuaren baitan lortutakoa eta lehenengo hamarkada ospatzeko burutuko den egitaraua plazaratu nahi izan dute jendaurrean.

Proiektuak elkartasuna dauka oinarrian, gutxien dutenei edo ahulen direnei begiratuz bideratua, eta hala sortu zen 2001ean, Argentinan 'corralito'aren krisialdi latza sortuta, egoera gogorrek San Nicolas herria ere jotzen zutenean, eta neska-mutiko gazteak hartu zituen aintzakotzak, hilabetean behin eskola-umeak bildu eta jaten ematen baizitzaien --eta hala segitzen da egiten-- euskal etxean, horrekin batera kultura aldetik eta euren ezagutzak hazte aldera beste zenbait ekimenekin ere aberastuz, eta tartean euskal kulturara hurbiltzeko aukera ere emanez.

"Etxe nasaia izenari dagokionez, hitz hauekin ekintzaren emankortasuna islatu nahi izan genuen", azaldu dute euskal etxetik. "Izan ere, proposamenak fruitu oparoak eman ditu: oinarrizko beharrak betetzeaz gain – otorduak eskaintzen dizkiegu neska-mutilei hilabetean behin – eta euren jakin-min intelektuala asetzeko aukera ere izan dugu. Auzo pobreetan bizi ziren umeek, hiriko leku garrantzitsuak ezagutu ahal izan dituzte eta eskolako material oparitu diegu euskal etxean. Arrazoi guzti hauek direla eta, bai udalaren bai probintziaren onespena jaso du programak, intes publikoko izendapena lorturik”, azaltzen dute euskal elkartetik.

Hamarkada bete berria

Programaren hamargarren urteurrenari begira, ‘Etxe nasaia’ren edizio erraldoi bat antolatzen ari dira sanicolastarrak. Gonbidatu bereziek hartuko dute parte ospakizunean, tartean Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, propio gonbidatuta, "hemendik Rosariora, Argentinako Euskal Aste Nazionalera joango baita", eta Argentinako zein Euskal Herriko musikari eta dantzariek. Urtemugako festa honetan, San Nicolaseko hainbat eskolatako mila ikasle bilduko dira hiriko Mitre Plazan. Bi eguneko egitaraua, honako hau izango da:

Urriaren 24an,

- Goizean: ordezkarien harrera. Protokolozko ekitaldiak hiriko agintariekin.
- Arratsaldeko 8etan: Juan Jose Ibarretxeren hitzaldia, Abokatuen Elkartean, Mitre kaleko 133. zenbakian.
- Gauean: afaria, euskal etxeko egoitzan. Sarrerak salgai daude.

Urriaren 25ean,

- Goizeko 9etan: San Nicolaseko 40 eskola publikotako mila ikasle eta euren bi laguntzaile bilduko dira Mitre Plazan. Argentinako bandera eta ikurrina jasotzea. Argentinako ereserkia eta ‘Gora ta gora Euskadi’, Errekatarrak abesbatzak abestuta. Paranako Urrundik-eko dantza taldearen, Cordobako Baietz musika taldearen eta Joseba Gotzon abeslariaren emanaldia. Herri kirolak. Mila umerentzako bazkaria.
- Arratsaldeko 8etan: Urrundik-eko dantza taldearen, Cordobako Baietz musika taldearen eta Joseba Gotzon abeslariaren emanaldia, Rafael Aguilar Herri Antzokian. Agapea euskal etxean. Sarrerak, salgai.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia