euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Izatez Harro' Mar Chiquitako Euskal Etxeak oso harrera ona izan zuen bertako 'Moxalaren Jaian'

2010/03/05

Mar Chiquitako 'Moxalaren Jaian', ikurrina eta Argentinako bandera herriko desfilean
Mar Chiquitako 'Moxalaren Jaian', ikurrina eta Argentinako bandera herriko desfilean

PUBLIZITATEA

Aspalditik hartzen dute parte Mar Chiquita partiduko euskaldunek Moxalaren Jaian edo Fiesta Nacional del Potrillo delakoan. Aurten ere aurkeztu dira, baina beste era batera; izan ere, euskaldunak eta euskaldunen ondorengoak biltzen dituen euskal etxe bat sortu zen iaz Mar Chiquitakn, bertako euskal komunitatearen ordezkari. Oraingoan Euskal Herriaren izenean, eta horrekin batera euskal etxearen izenean ere altxatu ziren ikurrina eta Argentinako bandera. Horretaz gain, bildutako jendeak euskal dantzak ikusi eta informazioa eskuratu ahal izan zuen jaiaren baitan ezarritako stand-ean. Mar Chiquitako euskaldunak oso pozik daude jaso zuten harrerarekin: herritarrek nahiz turistek erakutsi duten interesaz gain, Jimena Rivadavia Azurmendi, euskal komunitateko ordezkaria, Jaiaren erregina hautatua izan zen.

Mar Chiquita, Argentina. 'XIX. mendean Mar Chiquita eskualdeak euskal jatorrizko anitz etorkin jaso zituen. Euskaldun horiek –adierazten dute Mar Chiquitan– trebeak baino trebeagoak ziren lurra lantzen. Argentinak bizitza hobea izateko aukera eman zien. Haiek, horren truke, lur emankor hauek munduko aletegi bihurtu zuten', azaltzen dute euskal komunitateko ordezkariek. Gaur Buenos Aires probintziako partidu hau nekazaritza eta abeltzaintzako arloko partiduetako onena da Argentina mailan. Karia horretara, eta Panpako ohiko biztanleari, gautxoari, alegia, eta bere laguntzaile zintzoari, zaldiari, omenaldia egiteko, urtero antolatzen da Moxalaren Jaia edo Fiesta Nacional del Potrillo.

Jaio berria den Izatez Harro Euskal Etxearentzat bere lehenengo jendaurreko ekitaldia izan da hau eta oso kontentu daude lortutako arrakastarekin. FEVA, Mar del Platako Denak Bat eta Tandilgo Gure Etxea euskal etxeen laguntzarekin, partaidetza polita izan zuen erakunde berriak herri osoak parte hartzen duen jai honetan.

Mar Chiquitako Zaldiko Jaia 2010 1

[Izatez Harro Euskal Etxeko kideek altxatutako stand-a (argazkia EE)]

Stand-a, kabalkada eta dantzak

Euskal Herriari buruzko informazioa banatu eta zabaltzeko, stand bat jarri zuten Izatez Harro-ko kideek. Han bertan Bilboko Udalak bidalitako materiala, bibliografia, mapak eta beste oroigarri batzuk zeuden ikusgai. Horretaz gain, Tandilgo Dantza Taldeak bere ikuskizuna eskaini zuen desfilean, bazkari ofizialean eta baita agertoki nagusian ere. 'Desfilearena oso une zirraragarria izan zen --azaldu diote EuskalKultura.com-i bertaratutakoek-- ikurrina eta Argentinako bandera elkarrekin kulunkatzen zirenean haizearen eraginez'.

Mar Chiquitako Zaldiko Jaia 2010 2

[Tandilgo Gure Etxea-ko dantzariek dantza egin zuten Coronel Vidaleko kaleetan (argazkia EE)]

Jaiaren erregin euskaduna

Jaiaren amaierak beste sari bat emango zion euskal komunitateari, etxe berriko ordezkari zen Jimena Rivadavia Azurmendi Festaren Erregina hautatua izan zenean. Hemendik aurrera eta urte betez, Jimena Mar Chiquitako euskaldunen eta Marchiquita partidu osoko enbaxadorea izango da ekitaldi ofizialetan Argentinako berrehungarren urteurrenaren urtean.

Mar Chiquitako Zaldiko Jaia 2010 3

[Jimena Rivadavia Azurmendi, jaiaren erregina, printzesekin eta Tandilgo dantzariekin batera (argazkia EE)]

Bukatzeko, euskal etxeko behin-behineko lehendakari den Fernando Mandagaran-ek eskerrak eman nahi dizkie jaiaren 32. edizio honetan stand-era hurbildu zen lagun guztiei eta hurrengo bileran parte hartzera gonbidatzen ditu. Hitzordua datorren martxoaren 9an da, gaueko 9etan, Sociedad Rural Elkartean.


Lotura interesgarriak

'Izatez Harro' Euskal Etxearen webgunea
www.centrovascomch.webcindario.com/noticias.htm



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia